Hainbat marihuana sail desegin ditu Ertzaintzak eskualdean

Zarauzko Hitza 2020ko ira. 25a, 14:53

Azken egunetan hainbat marihuana sail aurkitu eta desegin ditu Ertzaintzak Gipuzkoako hainbat herritako baserri eta landa eremutan, tartean Zarautzen eta Aian. Guztira, hamaika lagun daude ikerketapean.

Ertzaintzak hainbat marihuana sail aurkitu ditu Gipuzkoako hainbat baserri eta landa eremutan, baita Urola Kostan ere. Joan den astean aurkitu zituen Ertzaintzak lehen sailak, eta aste honetan beste bi aurkitu ditu. Ertzaintzak jakinarazi duenez, hainbat lagun daude ikerketapean. 

Urola Kostako Ertzain etxeen mugapean dauden herrietan zaintza lanak egin dituzten Ertzainen patruilek atzeman dituzte plantazioak. Irailaren 14an, Azpeitiko baserri batean aurkitu zuten Urola Kostako lehen saila, eta bi arduradun ikerketapean jarri zituen Ertzaintzak. Aste horretan bertan, ordea, antzeko beste lau plantazio aurkitu zituen Azkoitian, Errezilen eta Aian. Sail horiegatik, gainera, sei pertsona jarri dituzte epailearen aurrean.

Aste honetan, berriz, Zarauzko lursail batean beste marihuana plantazio bat atzeman du Ertzaintzak. Ohar bidez jakinarazi duenez, sastraka arten ezkutatutako negutegi baten barruan zegoen marihuana landatuta. Aurkitutako azken saila, ordea, Azkoitian desegin du Ertzaintzak, eta adierazi duenez hiru pertsona geratu dira ikerketapean.

Operatibo horietan mota askotako marihuana landare ugari konfiskatu dituela jakinarazi du Ertzaintzak, eta sailen arduradun gisa identifikatu dituzten hamaika pertsonei osasun publikoaren aurkako ustezko delitua leporatu diete. Guztiak ikerketapean geratu dira, eta Ertzaintzaren arabera dagokion epaitegira bidali ditu eginbideak.