Ikusi Literaturiako ekitaldiak zuzenean

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ira. 26a, 09:52

Lege Zaharren Enparantzara edo Modelo aretora bertaratu ezin dutenak nolabait jaialdian izan daitezen alternatiba prestatu dute aurtengo antolatzaileek, Erlo Telebistarekin elkarlanean.

Atzo iluntzean hasi zen Literaturia jaialdia Modelo aretoan, Garazi Arrularen manifestuarekin eta Metrokoadrokaren Modelo baten bizitza sekretua antzezlanarekin. Gaur 11:30ean hasiko da mugimendua Lege Zaharren Enparantzan; Baginen (Txalaparta) liburua aurkeztuko dute Cira Crespo eta Elena Ziordiak. Segidan beste hainbat liburu aurkezpen egingo dituzte; hemen dago ikusgai zerrenda osoa.

Liburu aurkezpenak ikusi nahi baina karpara bertaratu ezin duenarentzat bada alternatiba: Streaming bidez ikusgai egongo dira aurkezpen guztiak Erlo Telebistaren webgunean zein literaturia.eus-en.

Ekitaldiak ere sarean

Liburu aurkezpenek ez ezik, literaturari estu-estu lotutako hainbat emanaldik osatzen dute Literaturiaren egitaraua. Horietako hiru ere ikusgai egongo dira sarean:

  • Gaur 12:30ean, Itzulpengiltza: mundura zabaltzeko eta mundua ekartzeko mahai ingurua Idoia Santamaria, Beñat Sarasola
    eta Isabel Etxeberriaren eskutik.
  • Gaur 18:00etan, Kax-kax-kax! ikuskizuna Katixa Agirre eta Maite Larbururen eskutik.
  • Bihar 12:30ean, Literateak mahai ingurua Miren Amuriza, Antton Olariaga eta Aitor Arregiren eskutik.


Kasu horietan ere, erlotelebista.eus eta literaturia.eus izango dira ekitaldiak jarraitzeko bi bideak.