Irudietan: Mugimendu handia izan da Literaituriaren azokan lehen orduetan

Amaia Urbieta Arruti 2020ko ira. 26a, 15:50

Euskal literaturako azken sorkuntzak eskuratzeko zein haien berri gertuagotik edukitzeko abagunea dago egunotan Zarautzen, Literaturia jaialdian. Antolatzaileak gustura daude azokak lehen orduetan izandako harrera beroarekin.

Udazkeneko larunbat euritsua. Etxetik ateratze hutsak ere nagia emango dio zenbaiti akaso, baina, Zarauzko Lege Zaharren enparantzan bada giro petralari aurre egiteko antidotoa; batez ere, literaturzaleentzat. Atzo hasi zen Literaturia jaialdia, eta 12:00etan inauguratu dute azoka gaur eta bihar letren plaza izango den Lege Zaharren enparantzan. Karpan sartu eta aterpean, patxadaz liburuak banan-banan begiratzea gustuko dutenentzat pagotxa dira halako azokak. Momentuz, arrakastatsua ari da izaten Lege Zaharren enparantzakoa, lehen orduetan jende ugari ibili baita joan-etorrian.

Euskal Herriko hainbat argitaletxek dute beren postua karpan, eta gaur egun osoan zehar liburu aurkezpenak izango dira leku berean (Hemen dago ikusgai aurkezpenen ordutegia). 19:30 arte zabalik egongo da azoka gaur eta, bihar, 11:00etatik 14:00etara. Azokara bertaratu ezin dutenentzat, liburu aurkezpenak zuzenean ikusteko aukera dago, alde batetik, erlo telebistaren webgunean eta, bestetik, literaturia.eus-en.