Zarauztik ere igaro da osasuna eta eskubideak aldarrikatzen dituen karabana

Ihintza Elustondo 2020ko ira. 26a, 18:00
Karabanako auto bat, Azpeitian. (Ihintza Elustondo)

Auto karabanak egin dituzte gaur Euskal Herrian, Osasuna eta Eskubideak plataformak deituta; tartean Zarautzen. COVID-19 gaitzak ekarri duen egoeraren aurrean, salatu dute ez daudela ados hartu diren hainbat erabakirekin, eta eztabaida zientifikoa aldarrikatu dute.

Osasuna eta Eskubideak plataformak deituta, auto karabanak egin dituzte Euskal Herrian barrena gaur goizean; Zarauztik ere igaro dira. COVID-19 gaitzak ekarri duen egoeraren aurrean, salatu dute ez daudela ados hartu diren hainbat erabakirekin, eta eztabaida zientifikoa aldarrikatu dute. Stop G5positibo fatsuak, test faltsuakaskea izateko jaioa... bezalako aldarriak irakurri ahal izan dira autoetan.

"Egun batetik bestera, herritarren eskubideak inolako oinarri zientifiko eta justifikazio gabe urratu" dituztela salatu du Osasuna eta Eskubideak plataformak. "Hartzen ari diren erabakiek gure bizitzan eragin negatiboa dute, oro har, osasunean, eskubideetan eta ekonomian. Egoera gehiago kaltetu baino lehen, politikariei gardentasuna eta behingoz eztabaida zientifiko bat eskatuko diegu. Horrez gain, ozen adierazi nahi diegu ez gaudela konforme osasun zerbitzuan jasaten ari garen arretarekin, osasun arloan egiten ari diren murrizketekin, pertsona nagusiek zahar etxeetan jasan duten eta jasaten ari diren utzikeriarekin, gure seme-alabak bizitzen ari diren distopiarekin, komunikabideen bidez herritarren artean sortu duten izuarekin, martxotik hona sufritu ditugun eskubide murrizketekin, poliziarekin errepresioarekin. Ez gaude ados!".

Plataformak salatu du "hedabide ofizialetan bertsio ofizialetatik kanpoko iritzirik" ez dela entzuten, eta eztabaida zientifikoak ez daukala lekurik. Horren aurrean, "umezurtz" sentitzen direla azaldu dute. Plataformaren arabera, "egoerari aurre egiteko" eta beren "desadostasuna adierazteko" egin dituzte gaur auto karabanak.

Protesta egiteko, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetatik abiatu dira autoekin, 09:00etan, eta herri batzuk igaro ostean, Arantzazun (Oñati, Gipuzkoa) elkartu dira guztiak. Tartean igaro da auto karabana Zarauztik.