Ikusgai dago Leire Ruizen 'Masa' erakusketa Torre Luzean

IƱigo Gaiton 2020ko ira. 28a, 09:00
Urbieta zinegotzia eta Ruiz artista, erakusgelan. (Zarauzko Udala)

Azaroaren 1era arte, egunero egongo da ikusgai artista zarauztarraren erakusketa, 18:00etatik 20:00etara.

Udazkeneko kultura egitaraua hasteko Leire Ruiz Arruti zarauztarraren erakusketa inauguratu zuten aurreko ostegunean, Torre Luzean. Ruizek azaldu zuen "gustura", baina, aldi berean "urduri" zegoela, inoiz ez duelako erakusketa bat berak bakarrik egin, eta lehen aldia delako Zarautzen zerbait egiten duena. 

Erakusketak hausnarketa bultzatu nahi du jendeak elikatzeko duen moduaz. "Begirada ekologikoa" sustatu nahi du, egun elikagaiak produzitzeko dauden bide industrialen eta enpresa handien aurrean. Horretarako masa tankerako irudiak aurkezten ditu erakusketako ia koadro guztietan: zirriborroak, ehundurak, nahaspilak...  Ruizen lanen inguruan informazio gehiago eskuragai dago erakusketaren txostenean.

Irune Urbieta Kultura zinegotziarentzat "pozgarria" da herriko artista gazteek Zarautzen beren lanak erakutsi ahal izatea, eta zarauztarrei gonbidapena luzatu die Torre Luzeara bertaratzeko. Erakusketa egunero egongo da ikusgai azaroaren 1era arte, 18:00etatik 20:00etara.