Udazken koloreak oholtza eta koadroetan

Azaroan Modelon izango dira Aukeran dantza taldeko kideak. (Aukeran dantza taldea)

Udazkeneko kultura egitaraua aurkeztu dute Zarautzen: urrian hasiko da, ‘Fadoak entzuten zituen gizona’ antzezlanarekin, eta abenduaren amaierara arte iraungo du. Aforoa mugatua izango da Modelon.

Udazkenaren aurreneko margo eta zantzuekin batera aurkeztu dute udazkeneko kultura egitaraua Zarautzen: ikuskizunak, kontzertuak, solasaldiak... Hortaz, aurten ere irudimenari, sormenari, umoreari nahiz kritikari egingo diete tokia urtea agurtzeko. Urriaren 2an hasi eta abenduaren 23ra arte iraungo duen egitaraua prestatu du Kultura Sailak, eta Modelo aretoan zein Sanz Enean izango dira ekimenak.

Modelon erdira jaitsiko dute aforoa, eta eserleku guztiak zenbakituko dituzte. Txartel-leihatilan edo online eskuratu ahal izango dira emanaldietarako sarrerak, tickets.kutxabank.es plataformaren bidez. Modeloko oholtzan, besteak beste, antzerki, kontzertu edota bakarrizketak ikusteko aukera izango da.

Sanz Enea ere hartuko du aurtengo kultura egitarauak: zenbait libururen inguruko solasaldi gidatuak egingo dituzte han, baita hitzaldi bat ere.

Aldi berean, gainera, hainbat erakusketa izango dira Torre Luzean eta Sanz Enean. Esaterako, Leire Ruiz zarauztarraren margolanak Torre Luzean egongo dira ikusgai azaroaren 1era bitartean. Bestalde, argazkilaritzak ere izango du bere lekua udazken honetan, noski. Esaterako, erakusketa bana osatuko dute Xanti Iruretagoienaren eta Ramon Garciaren argazkiekin, eta Nazioarteko Argazki Mostra ere erakutsiko dute Sanz Enean, ohi bezala.

Egitaraua

Urria

  • Urriak 2, ostirala. Fadoak entzuten zituen gizona antzerkia, Xake Produkzioaken eskutik. 20:00etan Modelon.
  • Urriak 8, osteguna. Natsume Sosekiren Kokoro liburuaren inguruko solasaldia, Amaia Garciaren gidaritzapean. 18:30ean Sanz Enean.
  • Urriak 16, ostirala. Tenpura, Jexuxmai Lopetegi eta Noizbehinka bandaren kontzertuak. 20:00etan Modelon.
  • Urriak 22, osteguna. Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiren Elsa Scheelen lanaren inguruko soladaldia, Gorka Arreseren gidaritzapean. 18:30ean Sanz Enean.
  • Urriak 23, ostirala. Francisco Escudero Nazioarteko XIII. Akordeoi Konposizio Sariketa: sari banaketa ekitaldia. 20:00etan Modelon.
  • Urriak 25, igandea. Hai! La pescadora de sueños antzerkia, Cia Giramagicen eskutik. 17:00etan Modelon.
  • Urriak 29, osteguna. Jean Rhysen Wide Sargasso Sea lanaren inguruko solasaldia, Olwen Mearsen gidaritzapean. 18:30ean Sanz Enean.

Azaroa

  • Azaroak 6, ostirala. Biz Hitza dantza emanaldia, Aukeran dantza taldearen eskutik. 20:00etan Modelon.
  • Azaroak 12, osteguna. Jon Bilbaoren Estromboli liburuaren inguruko solasaldia, Amaia Garciaren gidaritzapean. 18:30ean Sanz Enean.
  • Azaroak 13, ostirala. Ni munduko txarrena antzerkia, Vaiven Produccionesen eskutik. 20:00etan Modelon.
  • Azaroak 20, ostirala. Txor Txor bakarrizketa umoretsua, Lankuren eskutik. 20:00etan Modelo aretoan.
  • Azaroak 22, igandea. Safari antzerkia, La Baldufaren eskutik. 17:00etan Modelon.
  • Azaroak 25, asteazkena. Erradikalak ginen antzerkia, Ane Labakaren eta Beatriz Egizabalen eskutik. 20:00etan Modelon.
  • Azaroak 26, osteguna. Eider Rodriguezen Bihotz handiegia liburuaren inguruko solasaldia, Gorka Arreseren gidaritzapean. 18:30ean Sanz Enean.
  • Azaroak 27, ostirala. Nahi dugu hitz eta jolas bertso saio tematikoa. 20:00etan Modelon.

Abendua

  • Abenduak 3, osteguna. Xabier Lete. Aberriaren poeta hitzaldia, Alex Gurrutxagarekin. 19:00etan Sanz Enean.
  • Abenduak 4, ostirala. Loreak eta zauriak kontzertua, 20:00etan Modelon.
  • Abenduak 13, igandea. Kontu kantari 2: mendian ibiltari antzerkia. 17:00etan Modelon.
  • Abenduak 17, osteguna. Julian Barnesen The Sense of an Ending lanaren inguruko solasaldia, Olwen Mearsen gidaritzapean. 18:30ean Sanz Enean.
  • Abenduak 18, ostirala. Iparragirre, ene bihotzeko Jose Mari kontzertu eszenikoa. 20:00etan Modelon.
  • Abenduak 23, asteazkena. Ene ba! antzerkia, Txalo Produkzioaken eskutik. 20:00etan Modelon.