Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa berrartuko dute Nerea Isusi, Uxue Ostolaza eta Aner Peritz zarauztarrek

Maialen Etxaniz 2020ko ira. 29a, 19:11
Ikaztegietako saioa, martxoan. (Gipuzkoako Bertsozale Elkartea)

Guztira, hamasei bertsolari ari dira parte hartzen aurtengo eskolartekoan, eta horien artean dira Aner Peritz, Uxue Ostolaza eta Nerea Isusi zarauztarrak. Datorren ostiralean jokatuko dute txapelketako hirugarren eta azken kanporaketa Amasa-Villabonan. Finala Azkoitian jokatuko dute, urriaren 16an. 

Joan zen otsailaren 28an ekin zioten Gipuzkoako hainbat txokotako bertsolari gazteek 2020ko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketari Oñatin. Aurreneko bi kanporaketak jokatuta, bertan behera utzi behar izan zuten sariketa, COVID-19ak eragindako osasun larrialdia tarteko. Horrenbestez, bertan behera utzi zituzten Ereñotzuko kanporaketa eta Lasturren egitekoak ziren finala. Orain, urria iristearekin batera, Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketa berrartzea erabaki dute antolatzaileek, eta datozen asteetan jokatuko dituzte falta den kanporaketa eta finala, ezohiko formatuan. Izan ere, Orain arteko bi kanporaketak bertso afari formatuan egin dituzten arren, datozen bi saioetan aretoetara eramango dute eskolartekoa. Finala urriaren 16an jokatuko dute, Azkoitiko Kultur Etxean. 

Guztira, hamasei bertsolari ari dira parte hartzen aurtengo eskolartekoa txapelketan, eta horien artean dira Xabier Albizu azpeitiarra, Naia Arrizabalaga azkoitiarra, Amets Aizpurua getariarra, Aner Peritz, Nerea Isusi eta Uxue Ostolaza zarauztarrak zein Joar Garate eta Irati Arakistain zumaiarrak. Naia Arrizabalagak dagoeneko abestu du, Oñatin jokatutako aurreneko kanporaketan aritu baitzen kantuan. Xabier Albizuk ere egina du bere partea, Ikaztegietan jokatutako kanporaketan egin baitzuen bertsotan. 

Hirugarren eta azken kanporaketa ostiralean, urriaren 2an, jokatuko dute, 19:00etan hasita, Amasa-Villabonako Subijana Etxean. Bertan arituko dira Amets Aizpurua, Aner Peritz, Jon Mendiluze, Nerea Isusi, Olatz Zuazubiskar eta Uxue Ostolaza.

Hiru kanporaketetako irabazleak nahiz puntuazio altuena duten beste hiru bertsolari sailkatuko dira urriaren 16an Azkoitian jokatuko den finalera. Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko dute 2020ko Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketaren finala, 19:00etan hasita. Aurreko kanporaketetan Maider Garmendia eta Ane Zubia izan ziren nagusi, eta horiek zuzenean sailkatu ziren finalera. 

Saioak doan izango dira, baina antolatzaileek aforoa kontrolatu ahal izateko gonbidapenak eskatu beharko dira aurrez. Ostiraleko kanporaketarako gonbidapenak dagoeneko agortuta daude. Urriaren 16ko finalerako gonbidapenak, aldiz, eskuragarri daude, hemen.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, osasun neurriak tarteko aretoetan “aforo oso mugatua” egongo da. Beraz, azpimarratu dute gonbidapenak aforo horretara heldu arte banatuko dituztela.