Mintzalagun programan parte hartzeko deia egin dute

10. urteurrenaren harira ekitaldia izan zen iaz, Modelon. (Amaia Urbieta Arruti)

Astean behin elkartzen dira "bidelariak" eta "bidelagunak", ordubetez euskaraz hitz egiteko. Urola Kostan 2009an jarri zituzten martxan Mintzalagun taldeak.

Euskara ikasten ari direnek hizkuntza praktikatzeko aukera izatea da Mintzalagun programaren helburua. Horretarako, euskara ikasleak eta euskaldun zaharrak jartzen ditu harremanetan: astean behin elkartzen dira "bidelariak" eta "bidelagunak" direlakoak, ordubetez, euskaraz egiteko.

Urola Kostan 2009. urtean jarri zuten martxan programa. Eskualdeko AEK-k, Zarauzko Udal Euskaltegiak, eskualdeko udalek eta UKUEk bideratzen dute, eta hain zuzen, AEK da dinamizatzeko lanak egiten dituena. 41 mintzakiderekin jarri zituzten martxan eskualdeko aurreneko Mintzalagun taldeak, eta azken urteetan 75-80 pertsona inguruk hartu dute parte. Gutxi gorabehera, 20 talde osatzen dituzte ikasturtero.

Aurreko urteko ekainean ospatu zuten egitasmoaren 10. urteurrena Zarauzko Modelo aretoan.

Izen-ematea zabalik

Ikasturte honetan ere egin dute Mintzalagun programan parte hartzeko deia. "Euskaraz egiteko bultzadatxo bat behar dutenei" eta "inguruan praktikatzeko inor ez dutenei" luzatu diete izena emateko gonbita, baita "euskaraz ondo egin" eta "praktikatu nahi dutenei laguntzeko" prest daudenei ere.

Posta elektroniko bidez (urolakosta@aek.eus), telefonoz (625 485 215) edo zuzenean Zarauzko AEK euskaltegira jota eman daiteke izena.