Aritzbatalde kiroldegian zerbitzuen eskaintza zabalagoa izango da urritik aurrera, "orain arteko funtzionamendua mantenduz", udalaren esanetan. Indarrean jarraituko dute guneen arteko bereizketak eta erreserba bidez txanda hartzeko sistemak, baina urriaren 1etik aurrera, handitu egingo dituzte fitness guneko eta igerilekuetako zerbitzuak: astero, 39 txanda beharrean, 54 txanda izango dira bakoitzean.
Hain zuzen, eguerdiko eta azken orduko txandak gehituko dituzte bi gune horietan, baita larunbat arratsaldeko eta igande goizekoak ere. Aurrerantzean, orain arte bezala, www.kirola.zarautz.eus atarian hartu beharko da txanda.
Bestalde, bazkide kuotaren hobarian ere izango dira aldaketak urrian: aurrerantzean, %25eko hobaria ezarriko zaie bazkideei.
Ikastaroak eta orientazioa martxan
Irailaren 28an hasi ziren Aritzbataldeko ikastaroak, eta udalak jakinarazi duenez, aurten 902 erabiltzailek hartuko dute parte martxan diren 66 ikastaroetan. Ikastaroez gain, igeriketa entrenamenduak eskainiko dituzte datozen hilabeteetan, doan, eta adineko pertsonentzako soinketa ere jarriko dute martxan.
Azkeneko horri dagokionez, 10 laguneko taldetan banatuta, "eremu seguruan" egingo dituzte saioak. Urriaren 1ean irekiko dute izen-ematea.
Ikastaroekin batera, Kirol Orientazio Zerbitzuak ere berrartuko du jarduna urrian. Kiroldegiko lehenengo solairuan eskainiko dute zerbitzua, baina interesdunak aurretik jarri beharko dira harremanetan, koz@zarautz.eus posta elektronikora idatzita.
Hona hemen KOZen ordutegia:
- Astearteetan, 12:30etik 16:00etara.
- Asteazkenetan, 10:30etik 16:00etara eta 16:45etik 18:00etara.
- Ostegunetan, 13:30etik 16:15era eta 18:45etik 20:15era.
Izen-emateak kiroldegiko harreran edo posta elektronikoz (kirola@zarautz.eus) egin daitezke, eta informazio gehiago ere eskatu daiteke bertan.
Milaka erabiltzaile
Udalaren arabera, ekainetik hona, 24.662 pertsonak erabili dute kiroldegia. Horietatik 12.628 lagun izan dira fitness gunean, eta 12.034 igerilekuetan. 14 ikastaro izan dira udan, 137 parte-hartzailerekin.