Pagoetara igotzeko deia egin du Sarek larunbaterako

Zarauzko hitza 2020ko ira. 30a, 19:00
(Zarauzko Sare)

Izan Bidea dinamikaren barruan, eskualdeko tontorrak igoko dituzte datorren larunbatean. Pagoetara igoko dira Zarauztik, 09:00etan Guriatik abiatuta.

Sarek Izan Bidea dinamika berria jarri du martxan, euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea bilatzen laguntzeko helburuarekin. Dinamika berri honek erronka bat du oinarri: "Baietz 3.127.326 kilometro egin!". Hain zuzen ere, Euskal Herriak duen biztanle kopurua da zifra hori: "Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herri bat, xede bakarrarekin: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea", adierazi dute antolatzaileek.

Erronkarekin bat egin dute eskualdeko herrietan, eta mendi igoerak antolatu dituzte urriaren 3rako, larunbaterako.

Herriz herri

Azpeitiarrek, esaterako, Erlo-Xoxote eta Ernio gailurrak egiteko asmoa dute. Erlora eta Xoxotera joateko 09:00etan bilduko dira plazan, eta Erniora igoko den taldea, berriz, 09:00etan elkartuko da Goiko Plazan. Azkoitiko Sarek, bestalde, Kakuteko eta Samiñoko tontorrak egiteko deia egin du. 09:30ean jarri dute bi mendiak egiteko hitzordua; Samiñora Martitteko plazatik abiatuko dira, eta Kakutera, herriko plazatik.

Kukuarrira igoera antolatu dute Orion. Hala, 11:30ean argazki herrikoia egin nahi dute gailurrean, ekimenean parte hartuko duten guztiekin. Horrez gain, Zarauzko Sarek Pagoetara igotzeko deia egin du herritarren artean. 09:00etan irtengo dira Zarauztik (Guriatik), eta 10:00etan Aiatik eta Urdanetatik. 11:30ean tontorrean argazkia ateratzea da asmoa. Zumaiarrek, berriz, larunbatean Indamendira igotzeko irteera antolatu dute. Hala, 09:00etan bilduko dira itsas kiroldegian, eta 11:15ean aterako dute argazkia.