Memoria zati bat

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 1a, 18:58

Gaur inauguratu dute 'Foto Xanti' erakusketa Sanz Enean. Xanti Iruretagoienak bere estudioan ateratako argazkiekin osatu dute bilduma, eta argazkilariak urte luzez bildutako hainbat fotografia zahar ere jaso dituzte.

Guztira, 80.000 negatibo inguru eman zizkion dohaintzan udalari Iruretagoienak. Artxibo erraldoi horren lagin bat da, hain zuzen, gaurtik hasita azaroaren 1era bitartean Sanz Enean ikusgai egongo dena. Gainontzeko argazki guztiak ere pixkanaka digitalizatu eta sailkatuko ditu Photomuseumek, Zarauzko Udal Artxiboan biltzeko.

Martxel Altuna Photomuseumeko arduradunak azaldu duenez, irudi guztiak jaso bezain pronto jabetu ziren erakusketa bat sortu beharra zutela: "Xantiren lanari heldu nahi genion". Hainbat irudi aukeratu eta Foto Xanti izeneko bilduma sortu dute azkenean, eta jendaurrean erakusteko, lau zatitan banatu dute Sanz Eneako erakusketa aretoa, Iruretagoienaren lan eta ondare guztiari "forma emateko": "Gela batean daude Iruretagoienak estudioan ateratako argazkiak, herrian lan egin duten hainbat talderen argazkiak nahiz paisaiak; beste gune batean ikus ditzakegu antzerkiak edota pertsonaia batzuk; kirola ikusiko dugu, urbanismoa... Ordena bat du erakusketak".

Iruretagoienak berak ateratako argazkiez gain, noski, hainbat urtez bildu dituen argazki zaharrak ere ikusgai jarri dituzte aretoko beira-arasa batzuetan. "Argazkia memoria zati bat izaten da askotan", dio Altunak.

Xabier Txurruka alkateak eskerrak eman dizkio Iruretagoienari, "herriari emandako altxor handi horregatik". "Leku eta une zehatz bat denboran gelditzea da argazkilaritza", Txurrukaren esanetan, eta Iruretagoienak hamaika momenturen "lekukotasuna islatzea" lortu duela azpimarratu du. "Bilduman ikus ditzakegu herriko hainbat pertsona garrantzitsu, une garrantzitsu; kirolari lotuak, kulturari lotuak, Zarauzko historiari lotuak; hainbat eraikin, hainbat ondare", gaineratu du.

Oharra: urriaren 1etik azaroaren 1era arte egongo da ikusgai bilduma, 18:00etatik 20:00etara bitartean, Sanz Eneako erakusketa aretoan.