Aner Peritz eta Uxue Ostolaza sailkatu dira Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finalera

Villabonako kanporaketako parte hartzaileak. Argazkia: bertsozale.eus

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako hirugarren kanporaketa jokatu zuten atzo Villabonan. Honen ondoren, erabakita geratu da finala jokatuko duten bertsolari taldea, eta horien artean bi zarauztar izango dira: Aner Peritz eta Uxue Ostolaza. 

Otsailaren 28an hasi zen 2020ko Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa, eta osasun krisiaren eraginez atzeratu behar izan zen hirugarren kanporaketa atzo jokatu zuten Villabonako Subijana etxean. Aner Peritz Manterola, Amets Aizpurua Mancisidor, Jon Mendiluze Mujika, Nerea Isusi Gomez, Olatz Zuazubiskar Iñarra eta Uxue Ostolaza Zubia aritu dira kantuan eta Aner Peritz izan da saioa irabazita zuzenean finalera sailkatu dena.

Hiru kanporaketak jokatuta, erabakita geratu da zein bertsolari aterako diren txapelaren bila. Bi zarauztar izango dira finalean, Aner Peritz Manterola eta Uxue Ostolaza Zubia. Eskualdeari dagokionez, Naia Arrizabalaga Arrieta azkoitiarra ere finalerako sailkatu da. Beste hiru bertsolariak Ane Zubia Aranalde, Maide Garmendia Jauregi eta Hodei Munduate Etxeberria. 

Finala urriaren 16an Azkoitiko Kultur Etxean jokatuko da, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko.