Ekhine Eizagirre atxilotu du Guardia Zibilak

Onintza Lete Arrieta-Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 5a, 11:45
Eizagirre eraman duten unea. (Dorleta Agiriano Lai)

Hiru ordu etxea maitzen igaro ondoren, atxilotuta eraman dute guardia zibilek Ekhine Eizagirre preso ohi zarauztarra. Hainbat herritar bildu da etxe inguruan goizean, eta arratsalderako ere elkarretaratzera deitu dute atxiloketa salatzeko, 19:30ean udaletxearen aurrean.

Atxilotuta eraman du Guardia Zibilak Ekhine Eizagirre preso ohia 14:30 aldera. 11:15 inguruan eskumuturrekoak jarrita ekarri dute Eizagirre bera guardia zibilek etxera, eta hiru ordutik gora igaro dute poliziek etxea miatzen. Etxearen kanpoaldean hainbat guardia zibil armatu egon da, eta herritar ugari gerturatu da. "Aupa Ekinhe", "Eutsi goiari" eta "Alde hemendik, utzi bakean!" oihuak entzun dira.

Guardia Zibilak plazaratutako prentsa oharraren arabera, "armak eta lehergailuak edukitzea" leporatzen diete Eizagirreri eta beste bi preso ohiri. Izan ere, beste preso ohi bat ere atxilotu du gaur goizean Guardia Zibilak, hori Arrasaten. Kepa Arkauz da han atxilotutakoa. Berria-k jakinarazi duenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak agindutako operazioa da. 

Elkarretaratzea arratsaldean

Atxiloketak salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur arratsaldean udaletxe aurreko plazan. 19:30ean jarri dute hitzordua Ekhine askatu, atxilotuak askatu lelopean.

Eizagirre 2013an atxilotu zuten Frantzian ETArekin lotura zuelakoan, eta lau urtez egon zen preso; 2017an Espainiaratu zuten, hango zigorra beteta. Baldintzapean aske geratu zen orduan. Hau da herrira iritsi zenean egindako albistea.

Herritarrak bildu dira Eizagirreren etxe aurrean.

Erlazionatuak