Irudietan: Ehunka lagunek salatu dituzte goizeko atxiloketak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 5a, 21:24

Jendetzak egin du bat goizeko atxiloketei erantzuteko deialdiarekin. Zarauztik zein inguruko herrietatik bertaratu da jendea, eta biharko ere mobilizatzeko deia luzatu dute.

 

Ekhine Eizagirre preso ohi zarauztarra atxilotu du goizean Guardia Zibilak, baita Arrasateko Kepa Arkauz preso ohia eta Abadiñoko Imanol Jaio iheslari ohia ere. Atxiloketen aurrean mobilizazioak deitu ditu iluntzerako Sare plataformak, eta jendetzak egin du bat Zarauzko deialdiarekin. Bi pankarta atera dituzte gaurko manifestaziora: Sareren Konponbide garaia da, Ekhine etxera! zioena, eta Zarauzko Bilgune Feministaren Hau ez da gure bakea! Ekhine eta besteak askatu! zioena.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epaileak agindutako operazioaren barruan atxilotu dituzte Eizagirre eta beste biak. Guardia Zibilak kaleratu duen oharraren arabera, “helburu terroristarekin lehergailuak edukitzea” leporatzen diete hiru atxilotuei, Ertzaintzan 2019an Arraia-Maeztun (Araba) atzemandako “zulo” batekin lotura dutelakoan.

Bihar ere mobilizazioa

Manifestazioaren amaieran irakurketa egin dute antolatzaileek, eta azaldu dute oraindik "ezer gutxi" dakitela Eizagirreren egoeraz. Aurreikusten dute asteazkenean pasatuko dela Audientzia Nazionaletik, baina zehaztu dute bihar eguerdira arte ez dutela informazio gehiagorik izango. Atxilotu duten momentuan aitari dei bat egiteko aukera eman diote Eizagirreri, eta kontaktu horretan "ondo eta indartsu" sumatu dute. 

Eizagirreren egoeraren berri gehiago bihar iritsiko denez, informazio berria partekatzeko eta berriro ere mobilizatzeko hitzordua finkatu dute biharko, gaur bezala, 19:30ean Lege Zaharren enparantzan. 

Erlazionatuak

Ekhine Eizagirre atxilotu du Guardia Zibilak

Onintza Lete Arrieta-Amaia Urbieta Arruti 2020 urr 05 Zarautz