Ireki dute 77. Hondartzako Futbol Txapelketarako izen-ematea

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 6a, 15:18

Azaroaren 27ra arte egongo da zabalik aurtengo izen-ematea. Dena den, urtarrilean aztertuko dute noiz ekin 77. denboraldiari.

Hondartzako Futbol Txapelketa ere kolokan jarri du pandemiak, eta momentuz, antolatzaileek ez dute zehaztu noiz emango dioten hasiera 77. denboraldiari. "Egoera sakonki aztertu ondoren" eta "jokalari eta zaletuen osasuna bermatzea lehenetsiz", irailean jakinarazi zuten 2021. urteko urtarrilean aztertuko dutela noiz ekin denboraldi berriari.

Hala ere, 77. Hondartzako Futbol Txapelketarako izena eman daiteke jada. Atzo, urriak 5, ireki zuten izen-ematea, azaroaren 27ra arte. Posta elektroniko bidez (antolakuntza@playeruak.eus) eman dezakete izena parte hartzeko asmoa duten taldeek, bulegoan ez baita izen-ematerik egingo.

Taldearen izena aurkeztu beharko da inskripzioa egitean, baita ordezkariaren NANaren fotokopia bat, bere posta elektronikoa eta telefono zenbakia ere. Momentuz ez dira jokalari guztien fitxak bidali beharko, eta ordaindu beharrekoa ere aurrerago zehaztuko dute antolatzaileek.

Bestalde, txapelketan jokatu nahi duten baina oraingoz talderik ez duten pertsonek jokalari poltsa izango dute erabilgarri aurten ere. Poltsan sartzeko, posta elektronikoz (jokalaripoltsa@playeruak.eus) jarri behar dute harremanetan egoera horretan dauden lagunek.