Mikel Lopetegi 'Urra' nagusi Euskadiko harri txikien harri-jasotze txapelketan

Joan den larunbatean jokatu zen harri-jasotze txapelketa, Aiako probalekuan. Maila absolutuan 'Urra' izan zen nagusi, lau harri desberdinekin hiru minutuko txandetan 10.825 kilo altxata.

Maila absolutuko eta 80 kilo azpikoen Euskadiko harri-jasotze txapelketa jokatu zen joan den larunbatean, urriaren 3an, Aiako probalekuan. Bertan izan zen Mikel Lopetegi Urra zarauztarra, eta hark lortu zuen altxaldi gehien egitea. Hain zuzen ere, hiru minutuko txandetan 27 aldiz altxa zuen 125 kiloko harri errektangularra; 25 aldiz pisu bereko zilindroa; 18 aldiz jaso zuen 112,5 kiloko harri zilindroa; eta, azkenik, 23 aldiz 100 kiloko bola. Guztira, 10.825 kilo altxa zituen Urra-k. Bigarren sailkatu zen Hodei Iruretagoiena Izeta IV, eta hirugarren Gorka Etxeberria. 

Jagoba Otaegi nagusitu zen, berriz, 80 kiloz azpikoen mailan. Josetxo Urrutiak egin zuen bigarren, eta Iraitz Arruti sailkatu zen hirugarren. Manex Aburuzak ezin izan zuen Aiako probalekuan aritu, aurreko egunean min hartu baitzuen.