Ekhine Eizagirre gaur igaroko da Auzitegi Nazionaletik

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 7a, 09:26

Ekhine Eizagirrek, Kepa Arkauzek eta Imanol Jaiok ez dute deklaratu Guardia Zibilaren aurrean. Madrilgo Tres Cantoseko kuartelean atxilo izan ostean, antza, gaur goizean igaroko dira Auzitegi Nazionaletik.

Iheslari ohia da Jaio abadiñarra, eta euskal preso politiko ohiak Eizagirre zarauztarra eta Arkauz arrasatearra. 2017an irten ziren kartzelatik, lau urteko espetxealdiaren ostean.

Imanol Moreno epaileak agindu du operazioa, ustez, iaz Arraia-Maeztun (Araba) atzemandako "zulo" bat oinarri hartuta. Hainbat iturriren arabera, "helburu terroristarekin lehergailuak edukitzea" leporatzen diete, eta Jaioren kasuan, baita "talde terrorista bateko kide izatea" ere.

Babesa Eizagirreri

Atzo ere jende ugari irten zen kalera Ekhine Eizagirreri babesa adieraztera eta atxiloketak salatzera. Astelehenean bezala, 19:30ean elkartu ziren Lege Zaharren Enparantzan, oraingoan, elkarretaratzea egiteko. Datozen egunetan ere egingo dituzte protestarako deialdiak.