Positibo bakarra atzeman dute Zarautzen

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan PCR proba egin zuten herritarren %4,2k eman zuen positibo atzokoan, eta behera egin du ospitaleratuen kopuruak. Herenegun lau kasu berri detektatu zituen Zarautzen Osasun Sailak. 

Herenegun baino ia bi aldiz positibo gehiago zenbatu zituen atzo Osakidetzak Urola Kostan. Positibo gehienak Azpeitian eta Azkoitian atzeman dituzte: hamar eta sei, hurrenez hurren. Gainerako positiboak Zestoan (2), Orion (1), Zarautzen (1) eta Zumaian (1) detektatu ditu Osasun Sailak.

100.000 biztanleko azken zazpi egunetako positiboen kopuruaren tasak nabarmen egin du gora azken egunetan Azpeitian; izan ere, azken astebetean 50 kasu atzeman dituzte herri horretan, eta gaur-gaurkoz, 332,12 da tasa. Gipuzkoako 10.000 biztanletik gorako herrien artean tasarik altuena duen herria da Azpeitia.

Azkoitian ere altua da azken zazpi egunetako positiboen kopuru metatuaren tasa. Hain zuzen ere, 35 positibo zenbatu dituzte joan zen astetik herri horretan, eta tasa 291,93 da. Koronabirus agerraldirik ez dagoela jakinarazi du Azkoitiko Udalak, baina Osakidetza Azkoitiko 17 eta 60 urte arteko biztanleei PCR probak egiten hasiko da gaur bertan.

Sintomarik gabeko kutsatuen kopurua jakiteko martxan jarri berri duen Bizi Berri II planaren “zainketa eta kontrol” lanen barruan gauzatuko ditu proba horiek. Izan ere, Osakidetzak jakinarazi duenez, hainbat aldagai kontuan hartuta, Azkoitia da positibo kopuruen tasa altuena duen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herria.

428 kasu hiru lurraldetan

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan herenegun baino PCR proba gehiago egin zituen Osakidetzak atzo: 10.022 –7.424 proba herenegun–. Eta atzo gauzatutako proba horietan positibo eman duten herritarren kopurua ere herenegungoa baino altuagoa da; izan ere, herenegun 336 positibo atzeman zituzten, eta 428 atzo. Horrenbestez, PCR proba gauzatu zuten herritarren %4,2k eman dute positibo azken orduetan –herenegun %4,5 zen kopurua–. Lurraldeka, berriz, Araban 58 positibo, Bizkaian 184 eta Gipuzkoan 180 positibo detektatu zituzten atzo. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren sei lagunek ere eman zuten positibo.

Atzokoan 31 lagun ospitaleratu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, eta guztira, 238 lagun –herenegun baino bi gutxiago– daude ospitaleratuta gaur-gaurkoz. Horietatik 51 daude ZIUn, herenegun baino bost gutxiago. Beraz, behera egin dute bai ospitaleratuen kopuruak, bai ZIUn daudenen kopuruak. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea 0,97 da.