Ingmar Bergman zinemagilearen lana aztertuko dute bihar Photomuseumen

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 8a, 10:00

Suediarrak heriotza, bakardadea nahiz familia izan zituen mintzagai bere filmetan. Ohi bezala. 18:00etan izango da aste honetako Gela saioa, Photomuseumen.

Aurrera doa Gela kultur hedapenerako programaren aurtengo egitaraua, eta biharko ere prestatu dute saio bat Photomuseumen. Aste honetan, hain zuzen, Ingmar Bergman (1918-2007) zinemagile suediarra izango dute hizpide. "Zinemaren historiako klasiko handienetako batzuk filmatu zituen" Bergmanek, eta besteak beste, bere lanen artean ezagunak dira Marrubi basatiak (1957), Zazpigarren zigilua (1957), Isiltasuna (1963), Pertsona (1968) edota Oihuak eta xuxurlak (1972).

Bakardadea, inkomunikazioa, erlijioa, heriotza nahiz familia dira bere filmetan landutako gaietako batzuk. Zinemagile lanetan aritzeaz gain, "eszenatokietarako eta irratirako antzerki-sorkuntza batzuk ekoitzi, eta telebistarako sei film zuzendu zituen" Bergmanek, Gela programaren antolatzaileek azaldu dutenez.

Bihar, urriak 9, horren guztiaren inguruan hitz egiteko aukera izango da Photomuseumen. 18:00etan hasiko da saioa, eta sarrera doakoa izango da.