Merkatuan hutsik dauden bi postu itxiak esleitzeko lehiaketa jarri du martxan udalak

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 8a, 11:02

Gaurko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dute lizitazio iragarkia. 15 eguneko epea izango da proposamenak aurkezteko.

Gaur egun, hutsik daude Zarauzko udal merkatuko bi postu itxi. Hortaz, biak kontzesio administratibo bidez esleitzeko lehiaketa jarri du martxan Zarauzko Udalak, gaurko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak jaso duen modura. Joan den irailaren 30ean atera zuten Alkatetzako-Dekretua.

Lizitazio iragarkia argitaratu dute gaurko GAOn, Baldintzen Agiria barne. Bertan azaltzen denez, 2034. urtera arte iraungo luke kontzesioak, eta 1.000 eurokoa izango litzateke lizitazio prezioa.

Lehiaketara aurkezteko interesa dutenek Zarauzko Udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura (Kale Nagusia, 29) jo dezakete beharrezkoak diren agiriak eskuratzeko. Gaurtik hasita, 15 lan-eguneko epea izango da proposamenak aurkezteko. Horretarako, Udaleko Erregistro Orokorrera (Kale Nagusia, 29) joan beharko dute parte-hartzaileek.

Lizitazio iragarkia osorik ikusteko, egin klik hemen

Erlazionatuak