Positibo berririk ez Zarautzen

Herenegun kasu positibo bakarra atzeman eta gero, Osasun Sailak ez zuen positibo berririk detektatu atzo egindako PCR probetan. Dena den, kasuek gora egin dute eskualdean nahiz Hego Euskal Herrian.

Azkeneko egunetan behera egin dute Zarautzen atzemandako positibo berriek. Urriaren 1ean bi kasu zenbatu zituzten, urriaren 2an bakarra, sei urriaren 3an, hiru urriaren 4an, lau urriaren 5ean, bakarra herenegun, eta bat bera ere ez atzo.

Osasun Sailak jakinarazi duenaren arabera, baina, kasuak bikoiztu egin dira Urola Kostan. Guztira 41 kasu zenbatu dituzte, baina kasuen erdiak Azkoitian hautemandakoak dira. 23 kasu positibo atzeman dituzte Azkoitian, hamabi Azpeitian, bi Zumaian eta bana Errezilen, Getarian, Orion nahiz Zestoan. Gainerako herrietan ez dute kasu berririk baieztatu.

Azkoitian, esaterako, egun bakar batean herrian atzemandako kasu positibo kopuru handiena atzo detektatu zuen. Izan ere, atzo hasi ziren 17 eta 60 urte arteko herritarrei PCR probak egiten, eta 23 lagunek eman dute positibo. Dena den, Osakidetzak ez du zehaztu atzoko zer ordutara arteko datuak diren kaleratu dituenak. Hala eta guztiz, atzo atzemandako 23 kasuek laukoiztu egin dute herenegungo positibo kopurua.

Era berean, 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa ere jakinarazi du Osasun Sailak, eta Azkoitikoa 700,64koa da gaur-gaukoz. 10.000 biztanletik gorako herrien artean kopuru handiena du Azkoitiak. Azpeitian ere tasa altua dute: 511,46. Osasun Sailak, halaber, aurrerantzean I(D)/I(D-7) intzidentzia tasaren arrazoia zenbatekoa den jakinaraziko duela esan du. Tasa horrek gaurko txostenean eman duten hamalau eguneko intzidentzia metatuaren tasa konparatzen du duela astebete emandako tasa berarekin. Tasa horren balioa puntu bat baino txikiagoa bada, intzidentzia tasak behera egin nahi duela esan nahi du. I(D)/I(D-7) intzidentzia tasaren arrazoia 1,04koa da Azkoitian. Azpeitian, berriz, intzidentzia tasa handiagoa da: 1,75ekoa. 

Kasuak gora, Hero Euskal Herrian

Hego Euskal Herrian 854 kasu positibo atzeman zituzten atzo. 10.314 PCR proba egin zituen Osasun Sailak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 454 kasu positibo baieztatu zituen, hau da %4,4. Bizkaian eta Gipuzkoan antzeko datuak jaso dituzte, izan ere Bizkaian 195 kasu zenbatu dituzte eta 192 Gipuzkoan. Araban, aldiz, 58 pertsonari detektatu diote positiboa. Horiez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bederatzi laguni atzeman diote positiboa.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeen egoeraren berri ere eman du Osasun Sailak. 238 pertsona daude hiru lurralde horietan ospitaleratuta; atzo, 29 pertsona gehiago ospitaleratu zituzten. Egun, 48 lagun daude Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU). Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea 1,01ekoa da. 

Nafarroan, bestalde, 400 kasu positibo hauteman ditu Nafarroako Osasun Institutuak. 3.236 PCR proba egin zituzten atzo Nafarroan, eta ondorioz, proba egin zutenen %12,4ak eman du positibo. Ospitaleei dagokionez, 251 pertsona daude Nafarroako erietxeetan ospitaleratuta, horietatik 26 ZIUn. Lau heriotza gehiagoren berri ere eman du Nafarroako Gobernuak.