Erreka ardatz duten sorkuntza tailerrak egingo dituzte Artezaleaken

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 10a, 09:00

Urriaren 24an izango da 'Uraren azalean' ekimenaren "lehen topaketa", Artezaleaken. Egun horretan hasita, errekarekin lotura duten sorkuntza tailer eta saioak egingo dituzte.

Uraren azalean ekimena aurkeztu berri dute Artezaleakek, Arkamurka Natur Taldeak, Zarauzko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Hain zuzen, erreka ardatz izanik sorkuntza lantzeko hainbat saio prestatu dituzte udazken honetarako.

Urriaren 24an, larunbata, emango diote hasiera egitarauari. "Lehen topaketa" izango da egun horretan, 10:30ean Artezaleaken. "Ekimenaren nondik norakoen" inguruan aritzeaz gain, "testuinguruan murgiltzeko", parte-hartzaileek "Zarautz zeharkatzen duen errekaren ibilbidea elkarrekin" egingo dute "itsasertzetik herri guneraino".

Sorkuntza tailerrak udazkenean

Behin Uraren azalean aurkeztuta, hainbat sorkuntza tailer izango dira Artezaleaken. Batetik, Kwandalowa tailerra eskainiko dute, urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 6an eta 7an. "Inspirazio afrikarreko buztingintza" saioak izango dira, eta besteak beste, "eskuzko eraikuntza teknikak" landuko dituzte, "inguruneko elementuak" erabiliz.

Bestetik, Koinobori tailerra egingo dute azaroaren 13an eta 14an. "Arrain itxurako haize-mahukak" sortuko dituzte parte-hartzaileek, Japoniako teknikak jarraituz.

Bi arte tailerrak amaitzean, eta oraindik data zehaztu ez badute ere, talde ekintza bat izango da Uraren azalean ekimenaren barruan. Antolatzaileek iragarri dutenez, "errekaren inguruan biltzea" da asmoa, tailerretan sortutako lanekin "arte-ekintza kolektiboa" egiteko.

Kwandalowa tailerrean parte hartu nahi dutenek 60 euroko ekarpena egin beharko dute, eta Koinobori tailerrera bertaratzeko asmoa dutenek 30 eurokoa. Informazio gehiago nahi dutenak zuzenean jar daitezke harremanetan (urarenazalean@gmail.com helbide elektronikoa, @ainhoa.goenaga Instagram kontua edo 615 718 203 telefono zenbakia).

Egitaraua

  • Urriak 24. Lehen topaketa Artezaleaken eta ibilaldia erreka jarraituz. 10:30ean.
  • Urriak 30-31 eta azaroak 6-7. Kwandalowa tailerra Artezaleaken. 17:00etatik 20:00etara ostiraletan, eta 10:00etatik 13:00etara larunbatetan.
  • Azaroak 13-14. Koinobori tailerra Artezaleaken. 17:00etatik 20:00etara ostiralean, eta 10:00etatik 13:00etara larunbatean.
  • Data zehaztu gabe. Talde ekintza erreka inguruan.

Erlazionatuak