Mural berria jarri dute Merkatu plazan: 'Plastikorik ez'

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 9a, 11:38

Ozeano eta itsasoak garbi mantentzearen garrantziaz ohartaraztea da muralaren helburua.

Merkatu plazan jarri du udalak Iñigo Ormazabal eta Joxean Legorburu artisten Plastikorik ez murala. Zarauzko GKEen Koordinakundeak antolatutako Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren azokan egin zuten pieza margolariek eta, orain, Merkatu plazako erakusketa aretoaren igoeran kokatu dute; bertan egongo da aurrerantzean.

Pieza salaketa lan bat da, zehazki, plastikozko poltsek itsasoan eragiten duten kaltea islatu nahi du. Gloria Vazquez Ingurumen zinegotzia eskerdun agertu da margolariek egindako lanagatik, eta gogorarazi du plastikozko poltsek eta, oro har, plastikoek gure ibaiak, itsasoak eta horietako bizidunak "zikintzen eta larriki kaltetzen" jarraitzen dutela. "Guztion lana da egoera aldatzea eta gure itsasoak garbi mantentzea. Mezu hori helarazi nahi diogu gizarteari eta, sinbolo gisa, mural eder hau dugu orain herrian", zehaztu du Ingurumen zinegotziak.