Balentziaga memorialean aterako dira Jira-Birako txirrindulariak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 9a, 16:00

Eibarren hasi eta Arrateko santutegian amaituko da biharko lasterketa. Besteak beste, Iñigo Eizagirre zarauztarra aterako da pedalei eragitera.

Bihar 09:30ean abiatuko dira Zarauzko Jira-Bira taldeko zazpi txirrindulari Eibartik, Balentziagaren memorialean lehiatzeko. 23 urtez azpiko txirrindulariek osatzen dute Jira-Bira, eta, biharkoan, lehian ariko dira kategoria horretan gazteenak diren Iñigo Eizagirre zarauztarra eta Alex Diaz urretxuarra. Hainbat portu gogor igo beharko dituzte txirrindulariek: Itziar, Aia, San Migel, Ixua eta Arrate. Azken horretan egongo da lasterketaren helmuga.

Espainiako Koparako balioko du biharko lasterketak. Ondoko zazpi txirrindulariak aterako dira Jira-Bira Grupo Eulen taldetik: Iñigo Eizagirre (Zarautz, 2001), Alex Diaz (Urretxu 2001), Xabier Azkarate (Arrasate, 2000), Joseba Lopez (Gasteiz, 2000), Patxi Darthayette (Baiona, 1999), Ion Ibarluzea (Eibar, 2000) eta Vincent Arhie (Maule, 1998).