Zazpi positibo berri atzeman dituze Zarautzen

Eskualdera begira jarrita gutxiago dira atzo atzemandako positiboak herenegungoak baino, baina Zarautzen zerotik zazpira igo da zifra.

Osasun Sailak 28 kasu positibo berri zenbatu ditu azken orduetan eskualdean. Datu hori atzo emandako kopurua baino baxuagoa da; izan ere, herenegun 41 lagunek eman zuten positibo Urola Kostako herrietan. Atzoko kasu gehienak Azpeitian, Zarautzen eta Zumaian zenbatu zituen Osasun Sailak; hiru herrietan zazpina kasu hauteman ditu. Azkoitian, berriz, sei kasu atzeman ditu eta bat Errezilen. Eskualdeko beste herrietan ez dute kasu berririk detektatu.

Azpeitian azken zazpi egunetan 51 kasu baieztatu ditu Osasun Sailak, Azkoitian baino bat gehiago. Azkoitian asteazkenean abiatu zuen Osakidetzak baheketa selektiboa, eta ordutik 2.000 azkoitiarrek egun dute PCR proba Gurea pilotalekuan. Gaurko beste 700 herritarrek dute hitzordua hartuta proba egiteko. Osasun Saileko iturriek, ordea, ez dute zehaztu azken bi egunetan Azkoitian jakinarazitako positiboak Gurea pilotalekuan egindako baheketa selektiboko emaitzak diren.

Hego Euskal Herriko egoera

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoko datuak ere eman ditu Eusko Jaurlaritzak. Atzo 9.502 PCR proba egin zituen Osasun Sailak hiru lurralde horietan eta guztira 458 kasu positibo hauteman zituen, hau da, proba egin zutenen %4,82ak eman du positibo. Lurraldeka aztertuta, Bizkaian zenbatu dituzte kasu positibo gehien: 198 kasu guztira. Gipuzkoan, aldiz, 191 kasu detekatu ditu Osakidetzak eta 61 kasu Araban. Horrez gain, hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren zazpi laguni ere positiboa detektatu diete.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan 237 pertsona daude gaur gaurkoz ospitaleratuta, atzo baino bat gutxiago. Atzo beste 37 lagun ospitaleratu behar izan zituzten hiru lurraldeetan, Osasun Sailaren arabera COVID-19 gaitzaren sintomekin. Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU), berriz, 52 pertsona daude.  Oinarrizko birsorkuntza tasa edo RO indizea, aldiz, 1,04koa da hiru lurraldeetako datuak batuta.

Nafarroan, azkenik, 449 kasu positibo zenbatu ditu Nafarroako Osasun Institutuak; egun bakar batean orain arte hautemandako kopuru handiena da hori. 3.208 PCR proba egin zituzten Nafarroan, eta beraz, proba egindakoen ia %14ak eman du positibo. Erietxeetan, bestalde, 259 lagun daude ospitaleratuta, horietatik 30 ZIUn. Halaber, beste lau heriotza ere jakinarazi ditu Nafarroako Gobernuak.