Mikel Lopetegi, 'Urra': "Zorionez, guk ez dugu aizkolariek bezainbeste gastu"

Herri kirolarentzat ere zaila izaten ari da aurtengo urtea, baina bere txarrean, gustura da Mikel Lopetegi, Urra harri jasotzailea. Batetik, uztailetik hona berriro martxan daudelako txapelketak, eta bestetik, pasa den asteburuan berak eskuratu zuelako Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketako txapela Aian. Orain, binakako torneoan lan txukuna egitea du helburu.

COVID-19ak eragindako osasun krisiak harrapatu du herri kirolaren mundua ere. Martxotik hona bertan behera gelditu dira herri eta auzoetako festak, eta horiekin batera, baita herri kirol erakustaldiak ere. Harri jasotzearen kasuan, txapelketek aurrera jarraitzen dute, eta konfinamenduko geldialdiaren ondotik, lehiaz lehia dabil Mikel Lopetegi Urra ere. Pasa den asteburuan, esaterako, berak jantzi zuen txapela Aian, Euskal Herriko Harri Txikien Txapelketan. Hirugarrenez, jantzi ere.

Harmailetan giro eskasa egon zela esan du penaz, ikusle gutxi, eta hori lanerako orduan kalterako  izaten dela. Dena den, berak egindako lanarekin "oso gustura" da. Gainera, "bigarren Hodei [ Iruretagoiena] gelditu zen, nire laguna eta lehengusua, eta pozik nago aurreneko bi postuak lortu genituelako". Emaitza onak ari da eskuratzen zarauztarra; besteak beste, irabazi ditu Mallabiko Txapelketa eta Hiru Hamarreko Saria. 

"Neurri zorrotzak hartuta" dabiltza txapelketetan, konfinamendua amaitu eta uztailean berriz lehiak martxan jarri zituztenetik. "Oso desberdina izan da ordutik honakoa. Batetik, harriekin ibili gabe denbora dezente egin genuelako, eta bestetik, egoera ere ez zelako oso egokia. Gogorra izan da aurtengo urtea", aitortu du. "Erakustaldirik ez dugu egin festarik ez delako egon, baina nik uste baino txapelketa gehiago egin da, eta hemendik urte bukaerara arte ere sortu zaigu bikotekako torneoa, eta ea hori ondo betetzen den". Hemendik Gabonetara arte bikote bakoitzak bi saio egingo ditu, eta hiru bikote onenak iritsiko dira finalera. Azken hitzordu hori abenduaren 31n izan ohi da, normalean Asteasun.

Hemendik urte amaierara arteko helburuei dagokienez, binakako torneo horretan "lan txukuna" egitea du buruan Urrak. Hurrengo urteaz, berriz, ez du pentsatu oraindik. "Ikusteko dago guztia, ea ondo etortzen den, txapelketak egiten diren, eta haietan lan ona egin dezakedan. Horixe izango da helburua", esan du.

Osasun krisiaren eraginez, edo horrek arazoa larriagotuta, zenbait arlotako kirolarien protestak ezagutu dira azken asteetan: pilotarienak eta aizkolarienak, adibidez. Urrari horri buruz galdetuta, aizkoraz mintzatu da: "Egoera desberdina bizi dugu harri jasotzaileok eta aizkolariek. Gurea kirol txikiagoa dela esan genezake, eta gastu gutxiago duena. Aizkolariek gastuei aurre egiteko sarrera gehiago behar dituzte, egurra garesti dagoelako eta entrenamenduetan egur asko mozten dutelako. Guk, berriz, behin egiten dugu harria, eta bizitza guztirako balio digu. Ezin dira konparatu bi kirolak alde horretatik", azaldu du.