Asfaltatze lanak egingo dituzte Egaña kalean

(Zarauzko Udala)

Urriaren 13an hasiko dituzte obrak, eta aurreikuspenen arabera, urriaren 22an bukatuko dituzte.

Datorren asteartean, urriak 13, jarriko dituzte martxan Egaña kaleko konponketa eta asfaltatze lanak. Bi fasetan banatuko dute obra, eta urriaren 22rako amaitzea aurreikusi du Zarauzko Udalak.

Hilaren 13tik 16ra bitartean egingo dituzte konpontze lanak. Udalaren esanetan, fase honetan "ibilgailuen aparkamendu eta zirkulazioari eragingo dio" obrak, eta "enpresaren adierazpenak jarraitu beharko dira". Hilaren 19an ekingo diote bigarren faseari, hain zuzen, asfaltatze lanei. Fase honek irauten duen bitartean, ibilgailuak ezingo dira sartu obra eremuan, eta ezingo da bertan aparkatu. Dena den, lanorduetatik kanpo zabaldu dezake kalea enpresak; alegia, 21:00etatik 07:30era.

Aurreikusitako epeak betetzen badira, urriaren 23an berrartuko da ohiko martxa Egaña kalean eta inguruan.