Juan Luis Ibarrak jaso du aurtengo Mario Onaindia saria

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 10a, 16:15

Mario Onaindia Fundazioko presidente Esozi Leturiondok eman dio saria Ibarrari. Abokatu, irakasle nahiz magistratu ibilbidean ondoan izan dituen hainbat pertsonak hartu dute hitza sari banaketa ekitaldian, Antoniano aretoan.

Duela 17 urte ekin zion Mario Onaindia Fundazioak urtero jardunaldiak antolatzeari. Aurten, pandemia dela eta, ezin izan dute bi egunekoa izan ohi den egitaraua prestatu, baina aurrera egin dute orain dela hamar urte martxan jarritako Mario Onaindia sariarekin.

Azken hamar urteetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidente izan den Juan Luis Ibarra (Sopela, 1948) saritu dute oraingoan, eta ohi bezala, sari banaketa ekitaldia egin dute. Zazpin beharrean, ordea, Antoniano aretoan elkartu dira gaur. 12:00etan hasi da ekitaldia, eta bertan izan dira Ibarra eta bere hurbilekoak, besteak beste, bere ibilbide luzean zehar bidelagun izan dituen hainbat pertsona.

Hitza hartu dute gaur haietako batzuek; hain zuzen, Miguel Angel Garcia Herrera Zuzenbide Konstituzionalean katedradunak, Diego Iñiguez epaileak, Adela Asua Auzitegi Konstituzionaleko lehendakariorde ohiak, Begoña Basarrate EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernuko idazkariak, Alberto Basaguren Zuzenbide Konstituzionalean katedradunak eta Maria Jesus San Jose Justizia eta Enpleguko sailburu ohiak. Felipe Juaristi idazleak ere parte hartu du sari banaketan, olerki baten errezitaldiarekin.

Guztiek goraipatu dute Ibarrak "alor pribatuan nahiz publikoan" egindako ekarpena. Hala, jurista, irakasle edo magistratu izan den etapetan Ibarrak bizitakoak eta egindakoak ekarri dituzte gogora.

"Egun paregabea"

Esozi Leturiondo MOFeko presidentearen eskutik saria jasotzean, Ibarrak eskerrak eman dizkie Antoniano aretora bertaratu diren lagun guztiei. "Ekitaldi ahaztezina" izan dela eta, "arrazoi askogatik, egun paregabea" izango dela azpimarratu du.

Saritua izango zela jakitea bere ibilbidean "atzera begiratzeko gonbita" bilakatu dela dio, eta horrekin berretsi duela bere "hiritar ezkertiar izaera", "zeina konprometitua dagoen demokrazia konstituzionalaren eta 1978an konkistatutako askatasunen defentsarekin".

"Eroso sentiarazten nau jurista identitateak, edo behintzat, zuzenbidearen artisau identitateak", azaldu du. "Estrukturalistekin bat nator hautemate honetan: zuzenbidea lengoaia bat da, zeinuek kodifikatutako sistema bat, giza-komunikaziorako. Baina ez zuzenbidearen lengoaia ez zuzenbidearen hizkera ezin dira azaldu lengoaiaren su hutsen bidez. Zuzenbidea, batez ere, harreman sozialen aginte-tresna bat da, baita duintasunaren eta pertsonen autonomiaren bermerako ere. [...] Boterearen bozeramaile da lengoaia hori". 

"Elkarbizitza baketsuan arteztutako" bi dimentsio horiek ditu zuzenbideak, Ibarraren arabera. Azken ia 50 urteetan zuzenbidearen dimentsio bikoitz horrekin harreman zuzena izan duela dio; alegia, "zuzenbidearen lengoaia eta hizkera" batetik, eta "errealitate instituzionala" bestetik, "lotuta dagoena jurisdikzioari eta legearen gauzatze publiko eta pribaturako nahiari".

Hausnarketak plazaratzeaz gain, aurretik bere kideek egin bezala, azken hamarkadetan "zuzenbidean eta jurisdikzioaren ariketan" egin duen "erromesaldia" izan du hizpide sarituak, eta abokatu, irakasle eta epaile modura bizitako hamaika pasarteren inguruan hitz egin du jendaurrean.