Euskal pilota egokituko finalean izango da gaur Iñaki Divasson zarauztarra

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 11a, 10:00
(herribizia.errenteria.eus)

Xabier Arizkorreta bikotekidearekin batera neurtuko ditu indarrak iazko irabazleekin: Leire Esnal eta Eneko Sagarmendi. 12:00etan jokatuko dute finala Errenterian, eta urdinez ariko da zarauztarra.

Gaur jokatuko dituzte Euskal Pilota Egokitua Laboral Kutxa txapelketako finalak, Errenterian (Gipuzkoa). Adimen urritasuna duten lagunen arteko lehiak emango die hasiera gaurko jardunaldiei, eta kategoria horretako finalean izango da Iñaki Divasson zarauztarra, Xabier Arizkorreta hernaniarrarekin batera.

Aurreko asteburuan izan ziren finalerdiak Bidania-Goiatzen, eta han lortu zituzten gaurko finalerako txartelak bi bikotek: Iñaki Divasson-Xabier Arizkorreta eta Leire Esnal-Eneko Sagarmendi. Gorriz ariko dira Esnal eta Sagarmendi, iazko sariketan nagusitu eta txapela irabazi baitzuten.

12:00etan hasiko da finala, 150 ikusleren aurrean. Izan ere, segurtasun neurriak direla eta, erdira mugatu dute Agustina Otaola frontoiko aforoa.

Adimen urritasuna duten pertsonen kategoriako finalaren ostean, urritasun fisikoa duten pilotarien txanda izango da: Hilario Olano-Beñat Lizaso eta Aingeru Senperena-Mikel Merino bikoteek neurtuko dituzte indarrak.