Nor baino nor arituko dira Jokin Eizmendi eta Gorka Etxeberria asteburuan

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 13a, 17:00
(Juan Carlos Irigoien)

Urrezko binakako harrijasotze txapelketa egingo da Burgelun, 12:00etatik aurrera.

Jokin Eizmendi zarauztarra eta Gorka Etxeberria elkarren kontra arituko dira urriaren 18an, igandearekin. Gruas Iru saria izango dute jokoan, Urrezko binakako harri-jasotze txapelketaren barruan.

Erabiliko dituzten harriei dagokienez, 175 kiloko laukizuzenari, 138 kiloko kubikoari, 100 kiloko zilindro zaharrari eta 100 kiloko bolari emango dizkiote altxaldiak.

Harri-jasotze txapelketarekin batera, 3. mailako Euskadiko Aizkolari Txapelketako jardunaldia ere egingo dute Burgelun. Zirkuituko aurreneko kanporaketa izango da.