Zabalik dago Emakumeen* Etxea

Ezkerretik eskuinera: Maria Feijoo Parekidetasun Kontseiluko kidea, Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia, Andrea Diez Perez dinamizatzailea eta Edurne Urbieta Parekidetasun teknikaria, Emakumeen* Etxearen aurrean. (A. Urbieta)

Pandemiak baldintzatuko du espazioaren erabilera eta joateko hitzordua hartu beharko da. Besteak beste, doako aholkularitza juridiko zein psikologikoa eskainiko dituzte.

Hasiera batean espero baino beranduago bada ere, martxan da dagoeneko Zarauzko Emakumeen* Etxea. Duela urtebete baino gehiago hasi ziren lehen Turismo Bulegoa izandako egoitza egokitzen, eta, azkenean, herriko emakumeentzako zabalik daude ateak Nafarroa kaleko 3. zenbakian. Inaugurazio ofiziala urriaren 23an egingo badute ere, gaur hasiko dira Jabetze Eskolako lehen ikastaroa bertan eskaintzen: Arte terapia eta Itsasoaren Dantza, Ainhoa Alberdi aktorearekin.

Gainontzeko ikastaroak ere bertan eskainiko dituzte, eta ikasketarako eta formakuntzarako gune bat izateaz gain, "ideiak elkarbanatzeko, babesa emateko zein sareak sortzeko" espazioa izatea nahi du Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotziak. Harrerak, hainbat bulegok, liburutegi eta atsedenerako txokoak, ikastaro gelak eta bilera gelak osatzen dute Emakumeen* Etxea. Arratsaldero, 16:00etatik 20:00etara, Andrea Diez Perez dinamizatzailea egongo da bertan, eta udalaren Parekidetasun departamentuko teknikariak eta administratzaileak ere egokitu dituzten bulegoetatik egingo dute lan.

Zerbitzuak

Diez Perez dinamizatzailea gogotsu agertu da aurretik duen erronkari heltzeko. Azaldu du astero aholkularitza zerbitzua eskainiko dutela Emakumeen* etxean, doakoa eta konfidentziala. Bi aholkularitza mota eskainiko dituzte: psikologikoa eta juridikoa. Jakinarazi dute zerbitzu hori azarotik aurrera jarriko dutela martxan, baina dagoeneko hartu daiteke hitzordua. Horretarako bi bide baliatu daitezke: telefonoz, 943-00 51 17 zenbakira deitu, edo emakumeen-etxea@zarautz.eus helide elektronikora idatzi.

Emakumeen* Etxea hamaika topaketa, hitzaldi zein ahalduntze talde hartuko dituen gunea izatea da sustatzen eta eraikitze lanetan aritu direnen asmoa, baina, momentuz, COVID-19a ez hedatzeko neurriek asko baldintzatuko dute bertako jarduna. Espazioa emakume ororentzako zabalik egongo bada ere, hitzordua hartu beharko da bertara joateko, eta bertan bildu eta antolatu nahi dutenek edukiera muga zorrotzak errespetatu beharko dituzte. Dagoeneko martxan den Jabetze Eskolan, esaterako, erdira murriztu behar izan dute parte hartzea, eta hamar laguneko taldeak osatu dituzte. Dena den, "gustura" daude antolatzaileak aurtengo ikastaroek izan duten harrerarekin. Emakumeen* Etxeko arduradunek jakitera eman dutenez, ikastaro bakarra eta topaketa bat geratu dira bertan behera parte hartze faltagatik.