"Aspaldiko sentsazioak berreskuratu nahi izan ditut"

Mireia Galarza 2020ko urr. 13a, 16:00
(Xabier Lertxundi)

Orain 25 urte inguru ekin zion Xabier Zabalak enkarguz musika sortzeari, eta jada 40 lan ingurutan parte hartu du. Orain, bere bigarren bakarkako lana kaleratu berri du.

Xabier Zabalak (Zarautz, 1967) argitaratu berri du bere azken lana: Musika Plazan. Akordeoia ardatz hartuta, hainbat abesti tradizional moldatu ditu, baita berriak sortu ere. Hala ere, ezohiko egoerak eraginda, zarauztarrak ez du momentuz disko berria zabaltzen hasteko asmorik.

Zer kontatzen du Musika Plazan diskoak?

Diskoak ni jaio nintzen lekuaren izena hartzen du. Ni txikia nintzela astero eskaintzen zituzten Musika Plazan kontzertuak, eta musikaz inguratuta bizi izan nuen haurtzaroa. Oso musika alaia zen bertan jotzen zena, jai girokoa gehienetan, eta horregatik, azken disko honen bitartez aspaldiko sentsazio horiek berreskuratu nahi izan ditut.

Halaber, Katxiporretako azken diskorako konposatutako hainbat doinu erabili ditut abestiak sortzeko. Doinu horien bitartez nire helburua da euskal dantzetako taldeei dantzan jarraitzeko material berria eskaintzea eta, aldi berean, tradiziozko dantzetarako melodia berriak sortzea. Partiturak ere gehitu nahi izan ditut diskoan, norberak bere musika tresnarekin doinuak interpreta ditzan.

Akordeoiari eman diozu garrantzia berezia; zergatik?

Txikia nintzen garai hartako doinuei jarraiki, pisu berezia hartu du akordeoiak Musika Plazan diskoan. Musika mundua beti izan dut oso gertu, osabarengandik eta aitarengandik jaso baitut beti musikarako zaletasuna. Aitzitik, beraiei biei eskaini nahi diet disko hau, erreferente izan baitira urte luzez niretzat.

Arantza bat kentzeko ere balio izan dit, akordeoia izan baitzen jotzen ikasi nuen lehenengotariko instrumentua, eta aitortza moduko bat egiteko erabili dut sortutako azken disko hau. Beti erabili izan dut barne produkzioetan baina orain arte ez naiz ausartu eskusoinu handia ardatz duen disko bat grabatzera.

Bestelako taldeen abestien sortzaile moduan zara ezaguna. Zer eskaini dizu, ordea, bakarkako diskoa sortzeak?

1997. urtean hasi nintzen enkarguak jasotzen, eta dagoeneko 40 lanetik gora egin ditut. Horrelakoetan, enpatia izatea oso garrantzitsua da, zehatz-mehatz zer nahi duten asmatu behar baituzu, eta horren arabera sortu.

Bakarka ere hainbat gauza egin ditut, baina lehen bakarkako diskoa 2017. urtean argitaratu nuen, Brisa. Aurtengoa bigarrena izango litzateke. Bakarka lan egiten duzunean, ez daukazu agian hainbesteko presarik, eta lasaiago hartzen duzu, bukaerako produktuak konbentzitzen zaituen arte.

Koronabirusaren eraginik nabaritu al duzu zure jardunean?

Bai. Konfinamenduan zehar nituen kontzertu guztiak erori zitzaizkidan. Hala ere, bizi dugun egoera kontuan hartuta eta ingurura begiratuta, zortedun sentitzen naiz. Are gehiago, pandemian zehar lehen ilaran gogor lan egin dutenei ere kantu bat sortu nien, Zuri, zaindari horri izenpean. Diskoari dagokionez, iaz grabatu genuen, eta gero nik hartu nuen masterizatzeko ardura.

Pandemiak harrapatu nau hori egiten ari nintzen bitartean, eta, ondorioz, pixkanaka-pixkanaka egin behar izan dut lana bukaerako diskoa eskuetan eduki arte. Zortea izan dut, inguratzen nauten lankideak oso profesional onak baitira. Orain zabaltzeko garaia bada ere, nahiago dut lasai hartu eta gauzak ondo egin.

Egia esan, ez dira garai onenak zabaltzen hasteko, eta enkarguz jasotako beste lan batzuk ere baditut. Beraz, hurrengo urtean-edo hasiko naiz zuzeneko kontzertuak eta bestelako emanaldiak eskaintzen.