15.000 euro bideratuko ditu udalak Zaporeak proiektura

Irati Azkue Zaporeak proiektuko komunikazio arduraduna, Patxi Elola Kooperazio zinegotzia eta Begoña Egaña eta Marije Izeta Zarauzko boluntarioak. (Amaia Urbieta Arruti)

Irailaren 9ko suteaz geroztik askoz larriagoa da lehendik ere muturrekoa zen Lesboseko errefuxiatuen egoera. Zaporeak proiektuak bertan harrapatuta dauden errefuxiatuei otordu duinak eskaintzeko egiten du lan.

 

Zaporeak proiektua diruz lagunduko du Zarauzko Udalak; horretarako, larrialdietarako eta hondamendi naturaletarako gordetako aurrekontuaren partidatik 15.000 euro bideratuko ditu Greziara heldutako errefuxiatuei otorduak prestatzeaz arduratzen den elkartera. Horrez gain, Patxi Elola Kooperazio zinegotziak iragarri du aurrerago, «aurrekontuan kitaketak egitean», bestelako laguntza batzuk bideratzeko asmotan ere badabiltzala. 

Elola zinegotziak gogora ekarri du 2015ean Zarautz Errefuxiatuen Harrera Herri izendatzen zuen adierazpen instituzionala sinatu zutela udal talde guztiek. Ildo beretik, Frantziskotarren eta Hotz Zarautz errefuxiatuen aldeko elkartearen bitartez Auzolana programa jarri zuten martxan, eta, guztira, pertsona errefuxiatuen 15 familia jaso dituzte. 

Muturreko egoera

Irati Azkue Zaporeak proiektuko komunikazio arduradunak eskerrak eman dizkio Zarauzko Udalari emandako laguntzagatik, baita herritarrei ere, iraileko azken asteburuan egindako janari bilketan emandako erantzuna "izugarria" izan zelako. Ez Zarautzen bakarrik, Azkuek zehaztu duenez, denera, Greziara bidaltzeko 100.000 kilo janari eta hori guztia bidaltzeko adina diru bildu zuten.

Irailaren 9an Moriako kanpalekuan izandako sutearen ondorioak zenbaterainoko latzak izaten ari diren azaldu du Azkuek. Astebetez 13.000 pertsona kale gorrian geratu zirela azaldu du, eta handik astebetera Greziako Gobernuak eraikitako kanpaleku berriaren baldintza negargarriak zehaztu ditu: 60 komun eta dutxarik ez, 7.500 errefuxiaturentzat. "Ez da oinarrizko beharrik eta eskubiderik bermatzen". Gaineratu du lurraren gainean daudela dendak, eta lokatz eta putzu artean bizi behar dutela bertan daudenek, haizete eta ekaitz gogorrei aurre egin behar izateaz gain. 

Elkartasunerako deia

Sutearen aurretik ere oso larria zen krisialdi egoera are muturrekoago bihurtzean Zaporeak proiektuak laguntza humanitarioa bikoiztu egin zuen, eta Euskal Herri osoan egin zuen janari eta diru bilketa. Urola Kostako herritarrek "elkartasun handia" erakutsi zutela zehaztu du Azkuek. Hain zuzen ere, Zarauzko janari bilketan parte hartu zuten bi boluntariok ere azalpenak eman dituzte prentsaren aurrean ekimenaren inguruan. Marije Izeta Hotz Zarautz elkarteak kudeatutako guneaz arduratu zen, eta Begoña Egaña Iñurritzako Jubilatuen Elkartean jarritako bilketa puntuaz. Bi elkarteetan jasotakoak batuta, guztira, 7.000  kilo janari eta 2.900 euro bildu zituzten Zarautzen asteburu horretan. "Egin zuen eguraldiarekin, ez genuen halakorik espero", adierazi du Izetak.