Fokua haurren beharretan jartzea

Jesus Sanchez medikuak eman zituen azalpenak atzo arratsaldean Modelo aretoan. Bertaratzeko aukerarik izan ez zutenentzat, laster jarriko dute hitzaldia ikusgai sareetan.

Haurren zainketa aringarriez ikasteko abagunea izan zen atzo Modelo aretoan, Jesus Sanchez medikuaren eskutik. Eguraldi makurra eginagatik, bertaratu zen jendea aretora, eta tentuz entzun zituzten adituak haurren zainketa aringarriez esateko zituenak. ZarautzOn elkarteak hala laburbilduta, hiru ikasgai nagusi azpimarratu zituen Sanchezek atzoko saioan:

  • Legearen aurrean adin txikikoak badira ere, beraien eskubidea da beraien heriotzaz erabakitzea.
  • Garrantzitsua da haurrak inguruan baikortasuna sumatzea.
  • Haurren zainketa aringarrietako unitate bakarra dago Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hain zuzen ere, Gurutzetako ospitalean. Espainiar estatuan azken postuetan dago Osakidetza zentzu horretan, umeen zaintzari dagokionez.

Amaitzeko, ZarautzOnek eta Zarautz Herri Zaintzaileak eskerrak eman dizkiete hitzaldira hurbildu ziren herritar guztiei. Jakinarazi dute laster jarriko dutela hitzaldia ikusgai sareetan.