Maria Izeta eta Haymar Manzisidor zarauztarrek irabazi dute Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunaren logo lehiaketa

Epaimahaiaren arabera, irudia "modernoa eta soila" da, baita "originala eta kalitate artistiko handikoa" ere. Lagun Onakek martxoan jarri zuen martxan irudia aldatzeko lehiaketa, eta "kalitate oso handiko" hamahiru lan jaso dituztela azaldu du epaimahaiak.

Lagun Onak Mendi Bazkunak logo berria izango du aurrerantzean. 75. urteurrena dela eta, logo lehiaketa jarri zuen martxan taldeak, eta lehiaketa horrek eman ditu fruituak dagoeneko. Izan ere, Maria Izeta eta Haymar Manzisidor zarauztarrek osatutako logo proposamena izan da garailea.

Izetak eta Manzisidorrek elkarlanean osatu dute irudia, eta atzo, asteartea, jaso zituzten horiek irabazleari zegozkion diploma eta 300 euroko diru saria. Sortzaileek aurrerago jasoko dituzte Lagun Onakek urtemuga ospatzeko kaleratuko duen arropa sorta –irudi berriarekin kaleratuko dute arropa eta bestelako materiala–.

Logo berriak mendi formarekin osatzen du 75 zifra, eta azpian Lagun Onak MB izena ageri da. Lagun Onak MBko kideen arabera, irudia "modernoa eta soila" da, baita "originala eta kalitate artistiko handikoa" ere. Gainera, irudiak moldakortasun handia eskaintzen duela ere azpimarratu dute epaimahaia osatu duten mendizale elkarteko kideek. "Lehiaketa martxan jartzea erabaki genuenean, horrelako logoren bat lortzea genuen buruan, hauxe da bilatzen genuena", adierazi dute.

Honako hau da logoa:

Irudiarekin ez ezik, lehiaketaren bilakaerarekin ere "oso pozik" agertu dira Lagun Onak MBko kideak; izan ere, joan zen martxoan jarri zuten martxan egitasmoa, eta ekainera bitartean, "kalitate oso handiko" hamahiru lan jaso dituzte. “Proposamen profesionalak jaso ditugu, aurkezpen eta errelato oso landuekin, eta asko zaildu digute erabakia”, azaldu dute epaimahaikideek. Hori dela eta, lehiaketan parte hartu duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi izan dizkiete horiek.