Emakumezkoen trainerua ateratzekotan da ZAE

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 14a, 15:19

Onintza Olaizola arraunlari ohi zarauztarrak hartu du taldea entrenatzeko ardura, eta elkartekoak traineruarekin aurrera egiteko itxaropentsu daude.

Azaroaren erdialdera baieztatuko dute datorren arraun denboraldian ETE ligan Zarauzko trainerurik ariko ote den, baina, momentuz, 20 arraunlari inguru ari dira prestaketa lanetan, arraun munduan murgiltzeko aproba egiten.

Aspalditik izan du helburutzat Zarauzko Arraun Elkarteak emakumezkoen trainerua ateratzea, eta badirudi urte askotako ahaleginak fruituak emango dituela aurten. Elkartearen bueltan ibilitako hainbat emakumek akuilu lanak egin dituzte eta, azkenean, Onintza Olaizola buru dela, talde polita elkartu da entrenamenduetarako.

Parte hartzeko deia

Zarautz Arraun Elkarteak gogorarazi du oraindik garaiz daudela aproba egin nahi duten emakumeak entrenatzen hasteko. Orain entrenatzen ari direnetako asko hasiberriak dira, sekula arraunik hartu gabeak, beraz, "esperientzia faltagatik ez kikiltzeko" eta "animatzeko" deia egin du Jon Artola elkarteko presidenteak. Parte hartu nahi dutenek Araba kaleko Lizardi arropa dendara joan beharko dute, eta bertan jasoko dute entrenamenduen inguruko xehetasun gehiago.