Jesus Maria Cormanen 'Melancholia' erakusketa, Photomuseumen ikusgai

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 14a, 18:07

Emakumeak protagonista dituzten argazki zaharrak landu ditu artista pasaiarrak, margoaren bidez. Horren emaitza da Melancholia, "oreka puntu bat" islatzen duena, egilearen esanetan. Bilduma azaroaren 29ra arte egongo da Photomuseumen.

Gaur zabaldu dute Melancholia erakusketa Zarauzko Photomuseumen, eta azaroaren 29ra bitartean egongo dira ikusgai Jesus Maria Corman pasaiarraren lanak. Duela bi urte baino gehiago ekin zion proiektua lantzeari, eta azaldu duenez, "hasiera batean, ezaugarri jakin batzuk zituen irudi bilduma bat besterik ez zen izan".

"Berehala sentitu nuen pinturaren bidez imajinatan eskua sartzeko tentazioa", dio: "Helburua bildumazale hutsarena baino ez zen, baina, era berean, obsesiboa: duela mende bateko begirada aztoragarria duen erretratu batetik abiatuta, beste erretratu bat sortzea zen xedea. Erretratu ezberdina, baina orainaldian sortua eta asaldatzailea izaten jarraitzen zuena". "Emaitza, originala bezain kezkagarria izan zedin" saiatu zen Corman, eta "benetako proiektu" bat esku artean zuela ikustean, "emakumeen aurpegiak bakarrik aukeratu" zituen.

Argazkietako protagonisten "istorioetako batzuk ezagutzeko" urratsa ere eman zuen Pasaiako artistak, "iraganaren eta orainaren artean zubiak eraikiz". "Erakusketa hau horixe da: iraganaren eta orainaren arteko begiraden gurutzaketa. Begiratzeko modu bat eraikitzeko ahalegina", dio Cormanek. Haren esanetan, "baliteke" irudietan ageri diren emakume guztien istorioak haien "aurpegietan ezkutuan agertzea".

Irudi zaharrak eta zertzelada berriak uztartuz, egileak nabarmendu du "oreka puntu batera" iristea lortu duela Melancholia bilduman, "jatorrizko irudiaren sorginkeriaren eta niretzat desosegagarria zen sorginkeria berri baten arteko" orekara, hain zuzen.