Bertsoak: 'Musika eta politika'

Zarauzko hitza 2020ko urr. 15a, 09:00
(dantzan.eus)

Inaxio Uria 'Isasti'-k ondorengo bertso sorta bidali du ZARAUZKO HITZAra, 'Martxa baten lehen notak' doinuan.

-1-

Garai bateko jai iluntzetan
zintzo hurbilduz zitara
Musika Plazan elkartzen ziren
kioskoaren jirara
Neska mutilak adi jarriaz
bandaren doinuetara
Dantza saioak osaturikan
egoeraren erara
Bikote batzuk etenik gabe
Harreman onan zirrara
Besteak berriz,tartekatuaz
nesken aginduetara
Gainontzekoak plazaren biran
behatuz hona ta hara
Gertakizunak gomendatuaz
hurbilduz tabernetara

-2-

Gehientsuetan dantza lotuak
izanagatikan, tira!!
Noizbehinka jotzen zuten tartean
euskaldunen kalejira
Orduan denak elkarturikan
kioskoari emanaz bira
jo eta kean saiatzen ziren
bakoitza bere neurrira
baina amaitu ta berehala
gehiengoa erretira
Hala jarraituz ohi bezala
dantzariei begira
Aukera baten itxaropenez
ezin ba joan urrutira!!
Gaur egunean hainbat arlotan
gauzak berdintsuak dira

-3-

Une hauetan pentsa dezagun
Alderatuaz musika
tankerakoa izan daiteke
bide batez politika
Lege arauen agindupean
saihestuaz ika-mika
Alderdi orok dantzatzen dute
sarri aldatuz taktika
bikote legez edo bakarrik
erritmoari segika
Beren oinarriak ahazturikan
botere nahian apika
Bide horretan sortu ohi dute
etengabe polemika
Ta herritarrak dena irentsi
Horixe da dinamika!!