Mende laurdena eta askoz gehiago

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 16a, 09:00

25 urte Barrakoian diskoa aurkeztuko dute gaur Modelo aretoan Jexuxmai Lopetegik eta Noizbehinka bandak. Tenpora taldea ariko da horien ondoren, Berriro asma nazazu diskoa aurkezten. 25 urte baino dezente gehiago daramatza Lopetegik musika munduan, eta gaurko emanaldia aitzaki hartuta, bere ibilbide luzearen errepasoa egin du zarauztarrak.

Zarauzko Musika Plazatik hasita, Euskal Herri osoko eszena musikala ezagutu du Jexuxmai Lopetegi gitarrista eta abeslariak bere ibilbide oparoan. Nostalgia puntuarekin oroitzen ditu 80ko eta 90eko hamarkadetan bizitakoak, baina, erritmoa jaitsita bada ere, jarraitzen du sortzaile lanetan. Gaur bertan aurkeztuko du Modelo aretoan Noizbehinka bandarekin kaleratutako azken diskoa: 25 urte Barrakoian. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta zarauztarren atzetik Tenpora banda ariko da, horiek ere kantu bilduma aurkezten: Berriro asma nazazu

Diskoaren izenak iradokitzen duen moduan, 25 urte bete ziren iaz Lopetegik bere bakarkako bideari ekin zionetik Noizbehinka bandarekin batera. Izatez bilduma berria udaberrian aurkeztekoak baziren ere, pandemiak aurkezpena atzeratzera behartu ditu. Barrakoia esaten diote Lopetegiren etxeari; bertan entseatzen dute taldekoek, abeslariaren hitzetan, "noizbehinka". Hortik diskoaren eta taldearen izenak; hala entzun daiteke abesti baten errepikan ere: Barrakoi luze honetan... Ondokoek osatzen dute, Lopetegiren aburuz, musika talde baino gehiago "kuadrilla" den Noizbehinka banda: David Etura baterian, Xanet Arozena gitarran, Satxa Soriazu teklatuan, Aitor Arozena baxuan eta Unai Moraza teknikari lanetan.

Azken mende laurdenean zazpi kantu bilduma kaleratu ditu guztira proiektuak, eta azken honen aurretik ateratako Itzal Zaunka diskoaz ilusio bereziarekin hitz egiten du Lopetegik. Harkaitz Canok egin zizkien abestietarako letrak eta Antton Olariagak ilustratu zuen diskoa. Aurkezpen bira "esanguratsua" egin zuten harekin. Zarauzko Modelotik abiatu, eta "sekulako ekipoarekin" aurkeztu zuten diskoa "inoiz sartu gabeko lekuetan", esaterako, Donostiako Antzoki Zaharrean. "Ia abesti guztientzako bideoklipak egin zizkigun Iban del Campok, eta edozein talderentzat ikaragarria da horrelako ekipoarekin ibiltzea", dio Lopetegik.

 

Lopetegi eta Noizbehinka banda, kolaboratzaileekin, 2017ko biran. (Utzitakoa)

Entzuteko molde berriak

Ideia faltarik ez du zarauztarrak, izan ere, disko berriaren aurkezpena artean hasteke dela, beste disko bat dagoeneko prest duela aitortu du. Egungo jendearen musika entzuteko joerak oso bestelakoak dira duela hamarkada batzuetakoekin alderatuz gero, ordea, eta horrek euskarri fisikoaren inguruko zalantzak sortzen dizkio. "Uste dut esku artean duguna izango dela euskarri fisikoan aterako den azkena, maketatuta daudenak ez dakit publikatuko ote diren". Gustuko du eskuekin ukitzeko moduko zerbait sortzea Lopetegik, baina ikusita gaur egungo kontsumo moldeak, euskarri fisikoak desagertzera joko duela uste du. "Salmentek erakusten dute hori".

Garai batean musika taldeek dirua ateratzen zuten salmentetatik. Gaur egun dirua nondik ateratzen den galdetuta, ez dakiela dio musikari zarautarrak, barre artean. "Digitalak oso gutxi ematen du; zuzenean jotzeak ematen dizu zerbait, baita bizipoza ere, baina, esaterako, tabernetan jotzen baduzu ez duzu dirurik ikusten". Musika "banalizatu" egin da Lopetegiren aburuz, "zenbait kasutan izan ezik, noski". Haren hitzetan, izen jakin batzuk soilik bizi daitezke musikatuk gaur egun, baina beste guztiak ez.

Hertzainak taldeak zioen Euskadin rock&rollak ez zuela inoiz dirurik emanen, baina Lopetegirentzat garai oparoak izan ziren zentzu horretan 80 eta 90eko hamarkadak. Bai sorkuntza aldetik, baita etekin aldetik ere. Akelarre taldeko ahots eta gitarrista izan zen garaian musikatik bizi izandu zen zarauztarra. "Nik uste dut Elkar argitaletxeak, esaterako, diru asko egin zuela salmentekin garai hartan. Musikak dirua ematen zuen orduan, baina orain musika eta literatura, biak daude behean". 

Euskaltzaletasunaren gailurra

Frankismoa amaitu berritan igo zen oholtzara Lopetegi, Sasi taldearekin. Lehenengotarikoak izan ziren jendaurrean euskaraz abesten, eta Zarauzko Musika Plaza "inportantea" bihurtu zen garaiko euskal musikagintzarentzat. "Bazen garaia euskaraz abestu ahal izateko!" dio musikariak. 1976tik 1980ra, igandeetan eta jaiegunetan jotzen zuen Sasi taldeak plazan, hutsik egin gabe. "Fijoak izan ginen, eta inguruko herrietatik autobusak beteta etortzen ziren". Gogoan du gerora hasi zirela Azkoitiko Beti Alai eta Zarauzko Izadi ere jotzen. "Orduan hiruron artean egiten genuen hilabetea". Euskal kantugintza plazara eramaten zuten jaiero 19:00etatik 22:00etara eta, Lopetegik gogoan duenez, goraino bete ohi zen Musika Plaza. "Orain Arrano taberna dena Mondragones zen garai hartan; batek daki zenbat patata tortilla bokata egin behar izaten zituzten! Orduan ere, kioskoa txikiagoa bazen ere, kalejiretan plazari bueltaka aritzea zen ohitura". 

Pasarte ilunik ere izan zuen garai hurak, ordea. 77ko apirilean Guardia Zibila sartu zen Musika Plazan, jendea festa giroan zela, Sasiren emaldian. "Sekulako txikizioa egin zuten, tiroak eta guzti egon ziren", du gogoan Lopetegik. Bere ustea da "zigortu" egin nahi izan zutela Zarautzen sortzen ari zen euskaldun giroa. Kontatzen duenaren arabera, garbi dago beste garai batzuk zirela ordukoak: "Hemen abesten ziren Carrero Blancoren abestiak, eta jertseak kioskoaren gainean agertzen ziren. Euforiaz bizi genuen euskaldun giro hura, eta Guardia Zibilak hori moztu nahi izan zuen".

 

Lopetegi Akelarre taldearekin, 1986ko zuzeneko batean. (Utzitakoa)

 

Sasitik Akelarre talde entzutetsura egin zuen jauzi Lopetegik. Talde horretako abeslari eta gitarrista lanetan aritu zen zortzi urtez, eta kalkulatzen du urtero 120 emanaldi inguru eman ohi zituztela; denera, 1.000ren bueltan. Akelarrerekin izandako bizipenen artean "Iparraldea ezagutu izana" azpimarratu du, izan ere, emanaldi guztien heren bat Lapurdin, Behe Nafarroan edo Zuberoan eman ohi zuten. "Txapito [karpa] luze-luzeak jartzen zituzten herririk txikienetan ere euskararen alde dirua ateratzeko. Alderik alde barra jartzen zuten, eta ertz batean izaten zen taldea jotzen". Gogoan du lau ordu eta erdiko kontzertuak eman ohi zituztela halako lekuetan, 1.000 lagun ingururen aurrean. "Hura ikaragarria zen niretzat". Ondo gogoan du Akelarrerekin emandako lehen kontzertua ere, Donibane Garazin, Itoiz taldearekin eszena elkarbanatzen. "Sarrerak hamar franko balio zuen, garai hartarako ez zen batere merkea, eta halere bete egiten ziren karpak".

Sorkuntza prozesua

Erritmo kaxa piztu eta haren gainetik grabatzen zuen gitarra magnetofoi txikiarekin Lopetegik. Kasetea hartu, Akelarreko entsegura joan eta esaten zien: "hau da nire ideia". Hortik egiten zuten arregloa eta joaten ziren instrumentuak gehitzen abestia osatzeko. Gero Philips bat erosi zuen. Iraultza handia izan zen hura, lau pista ezberdin grabatu baitzitzakeen aparatu berak. Cuatropistas bat zen. Aurrerantzean, teknologia etengabe eraldatuz joan zen eta maketa osoagoak egiteko materiala eskuratzen joan ziren pixkanaka. Gaur egun, nahi adina pista graba ditzake edozein ordenagailuk programa soil batekin, eta Lopetegik Home Studio bat dauka etxean. Bere bakarkako ibilbideko bigarren diskotik aurrerakoak Barrakoian grabatuak izan dira.

Artista gehiagok ere baliatu dute Barrakoiko estudioa. Are gehiago, 1997tik 2002ra bitartean, Unai Morazak eta Lopetegik Noizbehinka estudioa sortu zuten. Esperientzia on bezala gogoratzen du zarauztarrak, baina teknikari izateari ordu asko eskaini behar zitzaizkiola ohartu zen, eta horretarako balio egin behar dela. "Ez dut uste nik balio dudanik", dio barre artean.

Behin musikaren alderdi ezberdinak ezagutzen hasita, musika irakasle ere sartu zen Lopetegi. Horretan dihardu gaur egun ere, Imanol Urbieta Musika Eskolan. Irakaskuntzak ere "bere dedikazioa" eskatzen diola azaldu du. "Niri asko interesatzen zait jendeak musika uler dezala. Taberna batera sartu eta abesti bat entzuten duenean, belarrian abesti horren eskema egin dezala. Horrela sorkuntzarako bide ematen diozu ikasle horri". 

Ez zaio askorik geratzen irakaskuntzatik erretiroa hartzeko, baina ez dirudi musikari izateari inoiz utziko dionik. Gustura gogoratzen ditu aspaldiko garaiak Lopetegik bizipenen kutxa zabaltzean, baina, gogora ekartze hutsetik harago, esperientzia eta oroitzapen berriak pilatzen jarraituko du aurrerantzean ere.