'Dolua' ikastaroan izena emateko epea, irekita

Azaroaren 2a izango da izena emateko azken eguna, eta saioak azaroaren 15ean eta 18an nahiz abenduaren 2an, 9an eta 16an izango dira. 

Dolu prozesuan murgiltzea helburu duen Dolua ikastaroa antolatu du Zarauzko Udalak, eta dagoeneko irekita dago bertan izena emateko epea. Ikastaroan, besteak beste, doluaren prozesuan bizi diren emozioak, pertsonek bizi dituzten dolu motak, haurren dolua edota suizidioa landuko dira, eta Irune Aranguren eta Donna Apellaniz psikologoek zuzenduko dituzte saioak. Aranguren familia eta bikote terapia sistematikoan da terapeuta, eta dolu prozesuetan dago espezializatuta; Apellaniz, aldiz, terapeuta emozional sistemikoan aritzen da, eta emozio hezkuntzan aditua da.  

Saioak, hain zuzen ere, azaroaren 15ean eta 28an, eta abenduaren 2an, 9an eta 16an izango dira, Zuberoa kaleko ikastaro gelan,  euskaraz. Matrikulak 10 euroko kostua izango du, eta lehentasuna izango dute Zarautzen bizi diren herritarrek. Izena emateko azken eguna azaroaren 2a izango da. 

Neurri bereziak

Udalak azaldu duenez, ikastaroko plazak mugatuak izango dira, gutxienez 8 eta gehienez 10. Kopuru horretatik gora, antolatzaileek zozketa bidez erabakiko dute ikastaroan nork parte hartuko duen. Behin taldea osatuta, orduan egin beharko da matrikularen ordainketa. 

Gainera, COVID-19a dela eta, Zarauzko Udalak ezarritako segurtasun eta higiene neurriak bete beharko dituzte parte hartzaileek, eta "egoerak hala eskatzen badu", ikastaroa modu ez presentzialean egingo dutela gaineratu dute antolatzaileek. Ikastaroan izena emateko prebentzioa@zarautz.eus  helbidera idatzi behar da, eta informazio gehiago nahi duenak 943-005127 telefonora deitu beharko du.