Aurreko astean epaitu zituzten Antton Lopez Kubati eta Jose Miguel Latasa Espainiako Auzitegi Nazionalean, 1986ko kausa baten harira. Hain zuzen, Aretxabaletako polizia etxe baten aurkako ekintzan parte hartzea leporatzen zieten bi preso ohiei, eta horregatik, bakoitzarentzat 66 urteko espetxe zigorra eskatzen zuen fiskaltzak.
Auzitegi Nazionalak gaur eman du ebazpenaren berri: epaituen aurkako "froga zuzenik" ez dagoela iritzita, errugabe jo ditu. Epaileen arabera, Kubati-ri eta Latasari errua egozteko froga bakarra da PVCzko hodi batzuetan haien hatz markak atzeman izana, eta horrek ez du frogatzen ekintzan parte hartu zutela. Are gehiago, epaileek diote "bitxia" dela ekintza horretan lehertu ez ziren lehergailu batzuetan bi akusatuen hatz markarik ez topatu izana.
Bestalde, Lopezek joan den asteko epaiketan gogorarazi zuenez, uztailaren 25ean izan zen Aretxabaletako ekintza, eta gau berean, Ordiziako polizia etxe baten aurkako erasoa ere izan zen. Ordiziako ekintza horregatik zigortu zituzten aurretik Lopez nahiz Latasa, eta beraz, Aretxabaletakoan parte hartu izana ukatu zuten biek.