Itziar Perez de Zirizak irabazi du Imanol Urbietaren kantu bilduma sailkatzeko beka

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 19a, 11:04
Ezkerretik eskuinera: Irune Urbieta Kultura zinegotzia, Kontxi Aizarna Imanol Urbietaren alarguna, Itziar Perez de Ziriza bekaren irabazlea eta Agurtzane Aizpuru Kultura teknikaria. (Amaia Urbieta Arruti)

Musikari zarauztarraren lana sailkatzea eta katalogatzea izango da Perez de Zirizaren zeregina. Ondoren, sailkapen horri erabilera pedagogikoa emateko baliabideak sortzeko asmoa du, eta etorkizunerako hainbat asmo jarri ditu mahai gainean horretarako, esaterako, kantu bilatzailea edo ikus-entzunezko revival proiektua.

Urte hasieran jarri zuen martxan udalak Imanol Urbieta musikari zarauztarraren obra sailkatzeko beka, eta iragan astean jakinarazi zuenez, Itziar Perez de Ziriza iruñearra da lehiaketaren irabazlea. Hark aurkeztutako proposamena "kalitate handikoa" izateaz gain, oso proiektu "espezifikoa" dela azaldu du Agurtzane Aizpuru Kultura teknikariak, baita bekak dituen helburuetan "ondo txertatzen" dela ere. Beka emateko balorazio batzordea martxoaren 4an elkartu zen, eta ondorengoek osatu dute epaimahaia: Jon Agoües Eresbil artxiboko zuzendariordeak, Itziar Larrinaga Kuadra Musikeneko irakasleak eta Irune Urbieta Zarauzko Udaleko Kultura zinegotziak. Bi lan aurkeztu ziren lehiaketara, eta biak "kalitate handikoak" izanagatik, Perez de Zirizarena "osatuagoa" dela iritzi diote.

Izan ere, bekaren irabazlearen formakuntza eta esperientzia oso lotuta doaz beka deialdiko ezaugarriekin. Piano eta flauta ikasketak ditu Perez de Zirizak, eta goi mailako ikasketak pianoaren pedagogian. Musika irakaskuntza ibilbide luzea du eta, gaur egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoko musika didaktika arloan ari da lanean. Proiektuak barnebiltzen duen kantu bildumaren erabilera pedagogikoari garrantzia handia eman dio epaimahaiak.

Prentsaren aurrean egindako agerraldian eman ditu Perez de Zirizak bere proiektuaren inguruko hainbat xehetasun. Hasteko, eskerrak eman dizkion Urbieta zenaren familiari, materiala eskuragarri uzteagatik, Zarauzko Udalari, haren lanari "beharrezko garrantzia" emateagatik eta, baita Imanoli berari ere, "Euskal Herriarentzat altxor bat uzteagatik". Imanol Urbietaren abestiekin lotura estua dauka umetatik iruñearrak, izan ere, haren gurasoek ez euskara jakin ez arren, abesti horien bidez irakatsi zioten hizkuntza. "Txiki-txikitatik lagundu nau musikak, eta orain nire erronka da hori transmititzea nire ikasle eta alabei". Horrekin lotuta, gogora ekarri du Urbietak esan ohi zuen esaldi bat, egitekotan den lanean helburu izango duena: "musika ume guztiek eskuratzeko eskubidea duten ondasun unibertsala da".

1.400 abesti

Esku artean duen materiala baloratu, prestatu, digitalizatu eta partitura formatuan dagoena aztertuko du Perez de Zirizak. Lehenengo zeregina dagoeneko burututa dago: material guztia inbentariatuta dago, eta zenbait ezaugarri orokor identifikatuta. Esaterako, partiturak originalak edo kopiak diren, eskuz edo era digitalean idatzita dauden... Denera, 1.896 partitura topatu dituzte, baina, horien arteko duplikatuak eta bertsioak identifikatu ostean, 1.400 abesti ezberdin zerrendatu dituzte esku artean duten materialetik. Aurrerantzean jarraituko du bereizten ea publikatuta dauden edo ez, zeintzuk diren berriak...

Proiektuaren mamia da bilduma erraldoi horren sailkapena, eta hori egiteko bi modu proposatu ditu iruñearrak: tipologiaren arabera (jolas kantak, hitz trebetasun kantak...) edo Urbietak bere liburuetan aurkezten duen sailkapen artistiko-pedagogikoa jarraituta. Sei hilabeteko lana dauka bekaren irabazleak hori guztia egiteko, baina, harago doa bere proiektua, eta etorkizunerako kantu sailkapenaren hainbat erabilera proposatu ditu. Garrantzitsuena da kantu bilatzaile bat, kontsulta baten bidez edozein pertsonak erabili dezan eta, batez ere, hezkuntzako langileentzat eskuragarri egon dadin. Bestetik, ikus-entzunezko revival proiektu bat ere proposatzen du Perez de Zirizak, musika tresnekin grabatuta, "kalitatezko musika haurrei transmititzea" delako bere helburua. Garbi utzi du bekaren irabazleak bidean Urbietaren kantuekin lotutako beste hainbat proiektu ere sortuko direla ziurrenik, eta lanari ekiteko "gogotsu eta ilusioz" agertu da.

Proiektuaren aurkezpenean izan zen Kontxi Aizarna Imanol Urbietaren alarguna ere. Esker hitzak izan zituen harek ere udalarentzat eta beka irabazlearentzat, eta interes handia azaldu zuen proiektuan. "Pozten nau jakiteak musikaz aparte pedagogiaz duzun jakinmin eta formazioa, hori berarentzat [Imanol Urbietarentzat] oso inportantea zelako".