Bi positibo berri zenbatu dituzte Zarautzen

Gipuzkoan 370 positibo atzeman dituzte azken orduetan. Urola Kosta eskualdea kezka iturri den arren, dirudienez, Zarauzko kutsatze kopuruek apalak izaten jarraitzen dute.

Azken orduetakoak gehituta, astebetean hemezortzi koronabirus kasu berri atzeman dituzte Zarautzen. Osakidetzak egunero plazaratzen duen txostenaren arabera, atzo bi kasu berri detektatu zituzten, eta 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasak 171,67 izaten jarraitzen du. I(D)/I(D-7) intzidentzia tasa 0,89an dago une honetan, beraz, Osakidetzaren arabera, behera egin du intzidentzia tasak, arrazoiaren zifra 1en azpitik dagoelako.

Eskualdeko gainontzeko herriei dagokienez, 27 dira Azpeitian atzeman dituzten kasu berriak, baina litekeena da zifra horrek zerikusia izatea Osakidetza herri horretan atzo egiten hasi zen baheketarekin. Gainontzeko herriei dagokienez, hauek dira azken orduetan atzemandako kasu berriak: Zumaian 11, Azkoitian zazpi, Zestoan lau, Errezilen hiru eta Aian bi. Aizarnazabalen, Beizaman, Getarian eta Orion, berriz, ez dute kasurik zenbatu. Azkoitiaren atzetik, Azpeitia da intzidentzia tasa altuena duen Gipuzkoako herria: 930,04 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa (975,89koa da Azkoitian).

Datuak, lurraldeka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 11.263 PCR proba egin zituzten atzo, eta horietatik 828k eman zuten emaitza positiboa. Gipuzkoan zenbatu zituzten kasu gehien –370–; Bizkaian 329 kasu positibo atzeman zituzten, eta 116 Araban. COVID-19 gaitzaren ondorioz, 40 pertsona ospitaleratu ziren atzo hiru lurralde horietan, eta, guztira, 50 pertsona daude ZIUn.

Nafarroan igo egin da berriz ere azken orduetan atzemandako positiboen kopurua. 523 kasu berri detektatu dituzte. Egindako 3.477 PCR kasuen %15ek eman dute positibo.