Aner Peritzek irabazi du Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketa

Anartz Izagirre 2020ko urr. 17a, 10:12

Azkoitiko Kultur Etxean jokatu zen finalean atzo, ostirala. Bigarren postua, berriz, Naia Arrizabalaga azkoitiarrak erdietsi zuen, eta bi bertsolariek Gipuzkoa ordezkatuko dute Euskal Herriko Eskolartekoan. Uxue Ostolaza zarauztarrak ere hartu zuen parte finalean.

Gipuzkoako Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren finala jokatu zuten atzo, ostirala, Azkoitiko Kultur Etxean, eta Aner Peritzentzat izan zen txapela. Saio ederra eskaini zuen zarauztarrak, eta finala ez ezik, Euskal Herriko Eskolarteko finalerako txartela ere eskuratu zuen. Bigarren postuan, berriz, Naia Arrizabalaga azkoitiarra sailkatu zen, eta hura ere Euskal Herriko Eskolartekoan arituko da Peritzekin batera Gipuzkoa ordezkatzen, azaroaren 14an, larunbata, Abadiñon (Bizkaia).

Uxue Ostolaza zarauztarra, Maider Garmendia, Ane Zubia eta Hodei Munduate izan ziren atzoko saioan aritu ziren gainontzeko bertsolariak, eta Ane Ezenarro izan zen gai jartzailea; epaile lanetan, berriz, Oihana Aranguren, Mikel Lersundi eta Bakarne Urreaga aritu ziren. Hainbat herritar joan zen Azkoitira saioa entzutera, eta osasun eta segurtasun neurriak ezarri zituzten bertan.

ARGAZKI BILDUMA. Ikusi bertso finaleko argazki bilduma.