Lau positibo atzeman ditu Osasun Sailak herrian

Positiboen kopuruak nabarmen egin du gora, bereziki Gipuzkoan, 430 kasu hauteman baitituzte bertan. Hego Euskal Herrian, guztira, 1.382 kasu atzeman dituzte. 

Urola Kostan gora egin dute koronabirus kasuek, eta eskualdeko 50 pertsonak positibo eman zuten atzoko PCR probetan, horietatik lau Zarautzen. Eskualdeko gainontzeko herrietan, berriz, hauexek izan dira datuak: Azkoitian hamazazpi, Azpeitian hamabi, Zumaian hamar, Zestoan sei eta Getarian bat. Gainontzeko herrietan, berriz, ez dute kasu berririk hauteman. Azpeitian asintomatikoak detekatzeko baheketa selektiboa egiten hasi ziren ostegunean, eta gaur, larunbata, amaituko dituzte proba horiek. Azkoitiaren atzetik, Azpeitia da intzidentzia tasa altuena duen Gipuzkoako herria: 1002,99 da 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa (1042,62 koa da Azkoitian). Hain zuzen ere, bi herri horiek dira Gipuzkoan 1.000ko tasa igarotzen duten herri bakarrak.

COVID-19 gaitzaren hedapenak ez du etenik Hego Euskal Herrian, eta atzoko datuek positiboen goranzko joera baieztatu dute. Izan ere, Osakidetzak eta Osasunbideak eman dituzten datuen arabera, Hego Euskal Herrian 1.382 kasu pisitibo hauteman zituzten atzo, herenegun baino 31 kasu gehiago. Igoerarik handiena Gipuzkoan izan da, 430 kasu berri izan baitira lurralde horretan —herenegun 370 zenbatu zituzten—; hala eta guztiz ere, Nafarroak ditu oraindik lau lurraldeetako daturik okerrenak, 541 kasu zenbatu baitituzte bertan. Bizkaian eta Araban, aldiz, kasu gutxiago izan dira, 321 eta 84, hurrenez hurren. Horrez gain, lurralde horietatik kanpo bizi diren beste zortzi pertsonak ere positibo eman dute.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 10.867 PCR proba egin zituzten atzo, eta 58 pertsona ospitaleratu zituzten. ZIUn, berriz, 51 pertsona daude gaur gaurkoz hiru lurralde horietan. Nafarroan, aldiz, 3.358 PCR proba egin zituzten atzo, eta %16,1ekoa da lurralde historiko horretako positibitate tasa.

Zarautz, semaforoa horian

Bestalde, Eusko Jaurlaritzak koloretako semaforoaren sistema jarri du martxan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herri bakoitzeko egoera sailkatzeko COVID-19aren eraginaren aurrean. Semaforoak kolore berde, hori, laranja edo gorriarekin sailkatzen ditu 5.000 biztanletik gorako udalerriak, azken bi asteetan azaleratutako koronabirus kasu berrien arabera. Kolorea berdea izango da inzidentzia-tasa 100.000 biztanleko 60 kasutik beherakoa denean; horia, 60-299 kasu artekoa denean; laranja 300-499 kasu artekoa denean; eta gorria, 500 kasukoa edo gehiagokoa denean.

Bada, atzoko datuen arabera, Zarautzek semaforo horia du. Gainontzean, Urola Kostako 5.000 biztanletik gorako udalerriak honela daude: Azpeitia eta Azkoitia, gorriaren eremuan; Zumaia, laranjan; eta Orio, berriz, horian.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamar udalerri jarri dituzte gorriz: Azpeitia, Azkoitia, Astigarraga, Beasain, Elgoibar, Ordizia, Tolosa eta Zumarraga Gipuzkoan, eta Lekeitio eta Durango, berriz, Bizkaian.