Birusa, ingurumena nahiz bioaniztasuna izango dituzte hizpide 41. Natura Astean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urr. 20a, 10:30

Urriaren 26tik azaroaren 1era izango da 41. Natura Astea, Arkamurkak antolatuta. Askotariko hitzaldiez gain, ohiko perretxikoen erakusketa ere egingo dute aurten. Streaming bidez emango dituzte hitzaldi guztiak.

Gero eta gutxiago falta da aurtengo Natura Asterako. Berrogeita batgarren aldiz, naturari hamaika ertzetatik begiratzeko aukera izango da Zarautzen, urriaren 26ean hasi eta azaroaren 1era bitartean. Oraingoan ere egitarau zabala prestatu du Arkamurka natura elkarteak, lau hitzaldi indartsu, tartean. Aurtengo berezitasun modura, nola ez, COVID-19a eta birusak izango dituzte aztergai.

Horretaz gain, ordea, auzi gehiago ere landuko dituzte Natura Astean; hala nola, Iñurritzako onddoak edota laborantza. Bestalde, beste urte batez izango da ikusgai perretxikoen erakusketa Merkatu plazan, azaroaren 1ean.

Arkamurkako kideek azaldu dute Modelo aretoan izango direla lau hitzaldietako bi. Dena den, streaming bidez emango dituztela lau saioak, Erlo Telebistaren bidez. Hitzaldiak jarraitzeko interesa dutenek, helbide honetan izango dute aukera: http://www.erlotelebista.eus/

Hona hemen 41. Natura Asteko egitaraua, osorik:

Egitaraua

Urriak 26, astelehena

  • Bioaniztasunaren harira, Iñurritzako onddoei begira hitzaldia, Joxepo Teres Arkamurkako kidearen eskutik. 20:00etan, streaming bidez soilik.

Urriak 27, asteartea

  • COVID-19a, ingurumena eta pandoraren kutxa hitzaldia, Joxerra Aiartza biologo, ikertzaile eta EHUko irakaslearen eskutik. 20:00etan, Modelo aretoan eta streaming bidez.

Urriak 28, asteazkena

  • Nola ulertzen dugu ingurumena? Laborari eta herritarren ikusmoldeak uztartzen mahai ingurua, Mirene Begiristain ekonomialari, ikerlari eta EHUko irakaslearen nahiz Iker Elosegi Euskal Herriko Laborantza Ganbarako koordinatzailearen eskutik. 20:00etan, streaming bidez soilik.

Urriak 29, osteguna

  • Birusak gure bizitzan: birusen eta gizakion koeboluzioa hitzaldia, Bego Jugo ikerlari eta EHUko genetika irakaslearen eskutik. 20:00etan, Modelo aretoan eta streaming bidez.

Azaroak 1, igandea

  • Perretxiko erakusketa, Merkatu plazan.
  • Darwinen eboluzioaren legea, Merkatu plazan.