Zarauzko hilerririk zaharrenera bisitak antolatu ditu Arte eta Historia museoak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 20a, 11:00

Santu Guztien Eguna aitzakiatzat hartuta, urriaren 30, 31 eta azaroaren 1erako bisita gidatuak prestatu dituzte. Zarautzen historia ezagutzeko eta ulertzeko gakoak emango dituzte bisitetan.

Zarauzko hilerririk zaharrena ezagutzeko beta eskainiko du Zarauzko Arte eta Historia Museoak urriaren 30, 31 eta azaroaren 1ean. Bisita gidatu bereziak egingo dituzte egun horietan Andra Mari Zeruratzea parrokiak eta kanpandorreak osatzen duten Santa Maria la Real Arkeologia eta monumentu multzoaren lurpeko aztarnategian. 

Hilobi horretako aztarnei tiraka, aspaldiko Zarautzen argazkia ezagutzeko gai izan dira historialariak, eta Burdin Aroko hilobiak zein Zarauz familia garrantzitsuarenak daude bertan. Familia horretako kideenak izan ziren, besteak beste, Torre Luzea, parrokiako kanpandorrea eta Narros Jauregia.

Untzain auzora igaro aurretik, Velasco Doktorearen Villa Mundako lurretan egon zen Zarauzko hilerria. Halako bitxikeriak eta askoz gehiago ezagutzeko, bisita gidatuak egingo dituzte Santu Guztien Eguna aitzakiatzat hartuta. Ondorengo egun eta orduetan prestatu dituzte bisitak:

  • Urriak 30, ostirala, 12:00etan gazteleraz, 16:00etan euskaraz eta 17:00etan gazteleraz.
  • Urriak 31, larunbata, 12:00etan euskaraz, 16:00etan euskaraz eta 17:00etan gazteleraz.
  • Azaroak 1, igandea, 16:00etan euskaraz eta 17:00etan gazteleraz.

Bisita bakoitzean gehienez hamar pertsonak hartu ahalko dute parte (bederatzi bisitari+gida), beraz, beharrezkoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, info@menosca.com helbide elektronikora idatzi behar da. Antolatzaileek ohartarazi dute ezarritako gehiengo pertsona kopurua aldatu daitekeela uneko segurtasun neurrien arabera. Bisitaren prezioa bi eurokoa izango da, eta bisitak iraun artean derrigorrezkoa izango da norberak etxetik eramandako musukoa soinean eramatea.

Informazio gehiagorako, aipatu helbide elektronikora idatzi daiteke, 943-83 52 81 telefono zenbakira deitu edo museora bertara jo, ostiral eta larunbatetan 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara eta igandeetan 16:00etatik 18:00etara.