Bertsoak: 'Behar zaitugu'

Zarauzko hitza 2020ko urr. 20a, 18:00

Inaxio Uria 'Isasti'-k ondorengo bertso sorta bidali du ZARAUZKO HITZAra, 'Kopla handia' doinuan.

-1-

Zure artea zuzena dela
ausartzen naiz esatera
Belarritikan sartu ondoren
berehala bihotzera

-2-

Bihotzarentzat ona zarela
gehienak diote hala
Gimnasia gorputzarentzako
osasuntsu den bezala

-3-

Betetzen duzun funtzioa da
giltza magiko batena
Irekitzea lortu ohi duzu
Bihotz zakar itxiena

-4-

Urduri dabilen jendeantzat
Izanikan lasaigarri
Bareegi dabiltzanentzako
bihurturikan pizgarri

-5-

Erabat lagungarria zara
argi ta garbi esanda
Kontuan izanikan zarela
bizitzaren doinu banda

-6-

Festa giroan gabiltzanean
Beharrezko zara antza
Zu gabe ezinezkoa denez
Hain gustuko dugun dantza

-7-

Ezin esan daitezken kontuak
zure bitartez argitu
Isilezinezkoak badira
Jakinbidea handitu

-8-

Ulergarria izan daiteke
izatea zure zale
ondorioz elkartzen direnez
hainbat bikote maitale

-9-

Munduan hainbat hizkuntza mota
erabiltzen dira,hara!!
baina zalantza handirik gabe
ospetsuena zu zara

-10-

Ederki adierazten dituzu
unean poz eta penak
Era horretan ordezkatuaz
munduko hizkuntza denak

-11-

Haurrak oheratzeko garaian
ezinezkoa zu gabe
Jaikitzekoan ere berdintsu
Ozenki edo xuabe

-12-

Misterioa argitu nahirik
lehertuko dut puxika
Hain garrantzitsua zarelako
behar zaitugu, musika!!!