Haizeteak kalteak eragin ditu herriko hainbat puntutan

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 21a, 08:41
Zuhaitza erorita Nafarroa kalean. (Urtzi Alberdi)

Herriko puntu askotan eragin ditu kalteak haizeteak. Zinkunegi kalean, esaterako, bost zuhaitz bota ditu eta ur zerbitzurik gabe geratu dira inguru horretako bizilagunak.

Haizete bortitzak astindu du herria bart, Aemetek emandako datuen arabera, Zumaian daukan estazio metereologikoan 103 kilometro orduko haize bolada neurtu dute goizaldean, 02:30 aldera.

Herriguneko hainbat zuhaitz bota ditu haizeak. Ondorengoak izan dira kalteak, Udaltzaingoaren arabera: Untzain bidea itxita dago uneotan zuhaitz bat erori delako errepidera, beraz, auzo horretakoek Elkanoko bidetik dute aterabide bakarra une honetan. Urteta bidean eta Nafarroa kalean ere erori dira zuhaitzak, baita Aranzadi kalean ere. Azken horretan, aparkatuta zeuden bi autoren gainera erori da zuhaitza. Araba kalean ere, Lizardi institutuaren parean, zuhaitza erori da bidera, eta Gipuzkoa kaleko Mariaetxetxiki parean beste bi auto harrapatu ditu bidera erori den zuhaitzak. Zinkunegi kalean bost zuhaitz erori dira, eta hoditeria kaltetu dute. Udaltzainen arabera, une honetan ur sistema erorita dago gune horretan bizi diren bizilagunentzat. 

Zuhaitzez gain, bizpahiru farola ere erori direla baieztatu du Udaltzaingoak, baina zehazki non izan diren ez dute argitu. Une honetan, udaltzainak, suhiltzaileak eta udal brigadako langileak kalteak ahalik eta azkarren konpontzeko lanetan ari dira. 

Trena etenda

Euskotren trenbide sareak jakinarazi duenez, trenbidera ere zuhaitzak erori dira Usurbil-Elgoibar arteko tartean, beraz, Bilboiraino heltzeko autobus zerbitzua dago martxan une honetan. Kontrako noranzkoan ere, Donostiarakoan, autobus zerbitzua jarri dute Orio eta Usurbil arteko tartean.

 
 

Hainbat zuhaitz errotik atera eta bideak hondatuta geratu dia. (Diego Paredes)

Erlazionatuak