Irudietan: 26 zuhaitz bota ditu haizeteak

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urr. 21a, 12:59
Lizardi institutuaren aurrean erori den ezkia. (Amaia Urbieta Arruti)

Patxi Elola Lorezaintza zinegotziak argitu duenez, 120 kilometro orduko baino gehiagoko haize ufadak erregistratu dituzte Zarautzen gauerditik aurrera. "Sekula herrian ezagututako haizete handiena" izan da haren arabera.

Txikizioa eragin du haizeteak bart. Behin egindako kalteak aztertu eta zenbatutakoan, prentsaurrekoa eskaini du Patxi Elola Lorezaintza zinegotziak, haizetearen eraginak xeheago azaltzeko. Hark adierazi duenez, guztira, herriguneko 26 zuhaitz bota ditu haizeteak. Bart gauerditik aurrera "120 kilometro orduko baino gehiagoko haize ufadak erregistratu dituzte Zarautzen", baina, zorionez, dakitela, herritarrik ez da zauritu. Kalte materialak bai eragin ditu haizeteak, Udaltzaingoaren arabera aparkatutako hainbat auto edo motorren gainera erori direlako zenbait enbor edo adar, eta Nafarroa kalean fatxadaren aurka jausi den zuhaitz batek balkoiren batean kalte arinak eragin dituelako.

Elolak erori diren hainbat zuhaitz zerrendatu ditu: Lizardi Institutuaren aurrean pare bat ezki erori dira, Ikastolaren aurrean beste bizpahiru, Nafarroa kalean beste bi, Pilartxo Enean beste bost, Vista Alegren haritz bat eta makal bat... Zinegotziak jakitera eman duenez, udal langile eta suhiltzaileen lehentasuna izan da zuhaitzen erorketen ondorioz oztopatutako bideak berriro ere erabilgarri uztea. Hala, dagoeneko arazorik gabe erabili daitezke herriko errepide, espaloi eta bidegorri guztiak.

Gehiago erortzeko arriskua

Haizea ez dabil horren bortitz orain, baina datozen orduetan bolada berriak espero direnez, Elola zinegotziak ez du baztertu erorketa gehiago izatea. Izan ere, erortzera heldu ez diren hainbat zuhaitz kaltetu ditu haizeteak, eta berriro ufada gogorrak egoten badira ez diote eutsiko ziurrenik. "Horiek erori aurretik geuk botako ditugu", jakinarazi du Elolak. "Goizetik udaletxeko baliabideak martxan daude. Lehentasunezko lanak amaitu ostean, orain, azterketa sakon bat egingo dugu, arriskuan dauden zuhaitzen egoerari erantzuteko".

Denera, Zarauzko herrigunean 7.150 zuhaitz daudela azaldu du Elolak, eta eroritako guztiak ordezkatu egingo dituela udalak, "beti egin izan duen moduan".

Argazkiak: Zarauzko Udala

Erlazionatuak